Saibiko aurkikuntzak

Anboto 2025ko mar. 28a, 09:30

2024ko azaroan egindako azterketa. (Euskadi.eus)

Gerediaga elkarteak hiru ekintza antolatu ditu Saibigainen egiten dabiltzan lanak ezagutarazteko: erakusketa bat, berbaldi bat eta Saibigainera igoera.

Saibigainen lurperaturikoa azalera ateratzen dabiltza orain, eta horri arreta jartzea dagokigu", azaldu zuen Gerediaga Elkarteko Goiatz Pelaezek egitarauaren aurkezpenean. Prospekzio taldeagaz batera martxan ipini duten erakusketa martxoaren 30era arte egongo da Kurutzesantu museoan. Azken urteetan Saibigainen egindako prospekzioetan ateratako elementuak erakutsiko dituzte erakusketan.

Berbaldia bihar (martxoak 29) izango da eta Saibigaineko prospekzioko emaitzak azalduko dituzte bertan, Aranzadi elkarteko Lourdes Herrastik euskaraz, eta Euskal Prospekzio Taldeko Kepa Ganuzak gaztelaniaz. Azkenik,domekan (martxoak 30) Saibigainera igoko dira, prospekzio lanen gaineko xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko.

Hiru prospekzio
Iazko azaroaren 2an, zapatua, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio Taldeak gerra zibileko gudari baten hezur-hondarrak berreskuratu zituen, Saibigain mendiaren tontorretik gertu.

Gizaki baten hezurdura osoa aurkitu zuten lurperatuta, eta haren jantzien hondarrak, hala nola Eusko Gudarostearen jaka eta gerrikoaren zatiak, Astra markako pistola bat, munizioa, eta objektu pertsonal batzuk: metxeroa, txanpon bi, eta anpoila medikamentu bi. Aurkikuntza Saibi (954 m.) mendiaren tontorreko hegaletako batean egin zuten, sigi-saga zulatutako lubaki baten lerrotik gertu, behealde batean, babesleku moduko bat izan daitekeena.

Urkiolako Parke Naturaleko eremu horretan 2024an egindako hirugarren desobiratzea da hori. Hiru desobiratze horiek Euskal Prospekzio Taldea 2023ko irailetik egiten dabilen prospekzio lanaren emaitza dira. Parke natural lez babesturiko eremua izanik, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak baimena eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari prospekzio lanak egin ahal izateko, eta lanak 2024. urte osora zabaldu ziren.

Jarduera horiek guztiak Gogora Institutuak garatzen duen Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren barruan sartzen dira. Programa hori Euskal Prospekzio Taldearen, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta EHUko Biomics laborategi genetikoaren bitartez egiten dabiltza.

Saibigain inguruan borroka gogorrak izan ziren 1937ko apirilaren 6tik 15era, eta hildako asko izan zen, dokumentazioaren eta testigantzen arabera. Izan ere, gailurrak 'odolaren mendia' ezizena du, tokia gorpuz josita geratu zela kontuan hartuta, gailurraren kontrola lortzeko borroken ondoren; leku hori estrategikoa zen ikuspegi militarretik.

Egun batzuk lehenago Durango bonbardatzea ez zen kasualitatea izan. Izan ere, Durango miliziar eta gudarien erretaguardia izan zen. Aire erasoa zibilen kontrakoa izateaz gainera, helburu militar bat ere bazuen. Durangok tropak frontera eramateko bidea zuen. Trenbide linea zuen fronteak hornitzeko. Gainera, Durangaldean gudarien populazio handia zegoen. Durangon 8 kuartel zeuden, eta lau-bost Elorrion. Unitate militar ugari zegoen frankistek frontean aurrera egin ez zezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!