Helena Barrenetxeak Euskotren Winter Serieseko finala jokatuko du gaur

Irati Otadui 2025ko mar. 24a, 09:07

Helena Barrenetxea finalerdietako partiduan. (Argazkia: eraman)

Zesta-puntari durangarrak Arai Lejardirekin osatuko du bikotea.

Gaur, 19:30ean, zesta puntako final bi jokatuko dira Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan: Euskotren Winter Seriesa emakumeetan eta Banakako Seriesa gizonetan.

Emakumeetan durangar batek jokatuko du finala: Helena Barrenetxeak. Durangoko zesta eskolako aurrelariak Arai Lejardi izango du bizkarzain. Biek Elaia Gogenola-Oaia Otaño bikotearen kontra jokatuko dute. Barrenetxea sasoi puntu onean heldu da finalera. Finalerdietan erremate ikusgarriak egin zituen. Iaztik hona aurrerapausoa eman du. Sahietzeko posturan gero eta hobeto botatzen du bai barrura eta baita horma bietara ere. Erkiaga da Durangoko eskolako monitorea eta igartzen da Ispasterkoaren eragina. Barrenetxearen bikoteak, Arai Lejardi markinarrak, Jai Alai Ligako hirugarren txapela eskuratu nahi du Durangon. Joan zen barikuan Gasteizen gailendu zen, Maite Ortiz de Mendibil lagun hartuta, eta urtarrilean Berriatuan nagusitu zen, Ihart Arakistainekin.

Beste bikotean, aipatzekoa da Oaia Otañoren kasua. 16 urteko mutrikuarra finalera heldu da bere Winterreko debutean. Bere bikotea, Elaia Gogenola berriatuarra, errematatzaile ausarta da.  Finalerdietako partidan Gogenolak asko lagundu zion Otañori, atzeko koadroetara, defentsara ere bajatuta. Gaur ere, beste hainbeste egitea egokituko zaio, seguruenik.

Gizonetan, Erkiaga Barandikaren ordez

Gizonetan, Johan Sorozabalek eta Aritz Erkiagak jokatuko dute finala. Berez, Xabier Barandikak jokatu behar zuen finala, baina joan zen barikuan leisonatu egin zen Gasteizen. Hasieran lesio larria izan zitekeela pentsatu zuten, urtebete baita lotailu-gurutzatua eta meniskoa hautsi eta kantxetara itzuli zela. Azkenean lesioa ez da hain larria:  zaintiratu-distentsioa atzeman diote  eskuin belaunean. Hala ere, bi-hiru aste beharko ditu kantxetara itzultzeko. Beraz, ezingo du Durangon jokatu. Bere ordez Erkiaga sartu dute, finalaurrekoetan Barandikak kanporatu zuen zesta-puntaria.

Erkiagak bost titulu ditu espezialitate honetan: Munduko Kontseiluko lau (2013, 2022, 2023, 2024) eta Banakako Seriesen lehen edizioa (2023). Iazko finalean, Sorozabalek irabazi zion Erkiagari Durangon. Miarriztarrak bere bigarren titulua lortu nahi du jarraian, iazkoa ez zela kasualitatea izan erakusteko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!