Joan zen asteko osoko bilkuran, Durangoko ordezkari politikoek DAFAren salaketa izan zuten ahotan. EH Bilduk urgentziazko mozio bat aurkeztu zien gainerako ordezkariei, Durangoko emakume batek udalerriko ertzain-etxean jasotako arreta zela-eta. Alabaina, mozioak ez zuen aurrera egin: EAJ, PSE-EE eta PP bat etorri ziren gaiari konponbidea eman behar zitzaiola esatean, indarkeria matxistaren aurkako jarrera berretsi zuten, baina auzia urgentziazko mozio batekin landu beharrean egokiago iritzi zioten auzia beste era batean eta beste eremu batzuetan lantzeari. Horrenbestez, subiranistek aurkezturiko mozioak ez zuen argirik ikusi.
Udalbatza amaituta, luze barik ailegatu ziren bateko zein besteko alderdi politikoen kritikak. EH Bilduk honako hau leporatu zien gobernu taldeko alderdiei: "Durangoko ertzain-etxean indarkeria matxista jasan duten emakumeei arreta desegokia ematen zaie, baina udal gobernuarentzat gaia ez da urgentea". Herriaren Eskubideak ere antzera bateko irakurketa kaleratu zuen.
Era berean, Durangoko gobernu taldeak bere kritika propioa kaleratu zuen: "Oportunismo politikoa" erabiltzea egotzi zien EH Bilduri eta Herriaren Eskubideari. Eta gaur, kritikei erantzuten azkena EAJ izan da. Alderdi jeltzaleak berretsi egin du indarkeria matxistari aurre egiteko konpromisoa, eta kritika zuzendu dio koalizio subiranistari: "EH Bilduk tresna politiko gisa erabili du indarkeria matxista, presazko bozketak behartzen saiatzeko, eztabaida serio eta zorrotza eragotziz". Durango Uri Buru Batzarreko lehendakari Bittor Etxegurenen esanetan, "onartezina da, arduraz eta seriotasunez lan egin beharrean, EH Bilduk hain arazo larria probestu nahi izatea etekin politikoa ateratzeko". Gaineratu duenez, EAJ "benetan konprometituta" dago indarkeria matxistaren aurkako borrokarekin, baina ez du begi onez ikusten "inprobisatutako proposamenak aztertu gabe onartzera behartzea".
Bertsio kontrajarriak
Durangoko EAJren esanetan, EH Bilduk "informazio okerra" zabaldu zuen, Durangoko ertzain-etxean indarkeria matxistagatiko biktimak artatzeko zerbitzuaren gainean. Zerbitzua "24 orduz martxan" dagoela ziurtatu dute jeltzaleek. DAFAk, aldiz, bestelakoa dio. Antolakunde feministaren arabera, polizia etxean "indarkeria matxistan adituak diren langile bik" egon behar izaten dute biktimei arreta eskaintzen, baina 2024ko azken hilabeteetan "ez zen horrela izan". Zerbitzu hori "hainbat hilabetean" eskaini barik egon dela esan zuen DAFAk. Gainera, arreta hori azkenaldian "goizez bakarrik" eskaini dela gaineratu zuen. EH Bilduk mugimendu feministak esaniko horiek eraman zituen udalbatzara.