Durangon paseoan zebilen emakume batek erasoa jasan duela jakitera eman du DAFAk

Anboto 2025ko urt. 28a, 18:17

Duela aste batzuk gertatu zen erasoa, egun argiz, emakumea paseatzen zebilela. Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladak Ertzaintzaren aldetik emakumeak jaso duen erantzuna salatu du.

Duela aste batzuk gertatu zen erasoa, DAFAk jakitera eman dutenez. Egun argiz, Durangon paseatzen zebilen emakume batek erasoa jasan zuen. "Gizon batek emakumeari dei egin zion, eta berarengana hurbildu zenean, gizona masturbatzen hasi zen,  emakumeari begira zegoela. Emakumeak aurre egin zion, eta tipoak alde egitea lortu zuen". Gerora, jende gehiago hurbildu zen, eta erasoaren biktmari babesa eman zioten, azaldu dutenez. Emakumea polizia etxera joan zen, "gertatutakoari erantzun bat eman gura eta berriz gerta ez dadin".

Asanblada feministak emakumeak Ertzaintzan jasotako erantzuna kritikatu du. "Erantzuna argia izan zen: ezin zela salaketarik jarri. Kontua da, gisa honetako gertakariak ez direla delitutzat jotzen", ohar batean jakitera eman dutenez. 

"Ez da kasu isolatua"

DAFAk nabarmendu du ez dela gertakari "isolatu" bat; "askotan" gertatzen da. "Izan ere, badakigu Durangoko polizia etxera hainbat emakume joan direla salaketak jarri eta laguntza eskatzera, eta bertatik erantzunik gabe atera direla", salatu dute.

Asanblada feministak jakitera eman duenez, "Durangon erasotuak izan diren emakumeak artatzeko, ustez Indarkeria Matxistan adituak diren bi langile egon behar dira Ertzaintzaren komisaldegian, eta 2024ko azken hilabeteetan ez da horrela izan. Hainbat hilabetez ez da zerbitzu hori eskaini". Gaineratu dutenez, "horrelako kasuei arreta goizez bakarrik eskaintzen zaiela jakin dugu". Egoera "erabat larria" eta "arduratzekoa" dela nabarmendu du asanblada feministak. "Ordutegi horretatik kanpo salaketa jarri nahi izanez gero, edo laguntza behar izanez gero, artatzea ez dago bermatuta".

Emakumeek indarkeria matxista egunerokoan jasaten dutela nabarmendu du DAFAk: "Instituzioek eta legeek ez gaituzte babesten". Soluzioak eta baliabideak aldarrikatu dituzte. "Guztion ardura da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!