Izan ere, EH Bilduko Goiuri Aginako zinegotziak azaldu zuenez, "erasoa jasan zuen emakumea ertzain-etxera hurbildu zen salaketa jartzera, baina ez zuen behar bezalako arretarik jaso". DAFAren arabera, polizia etxean "indarkeria matxistan adituak diren langile bik" egon behar izaten dute biktimei arreta eskaintzen, baina 2024ko azken hilabeteetan "ez da horrela izan". Zerbitzu hori "hainbat hilabetean" eskaini barik egon dela esan zuen antolakunde feministak. Gainera, arreta hori azkenaldian "goizez bakarrik" eskaini dela gaineratu zuen. Bada, atzoko plenoan, EH Bilduk DAFAk esaniko horiek azaldu zituen gainerako ordezkari politikoen aurrean. "Horregatik, urgentea deritzogu gaia lantzeari, egoera horretan dauden emakumeak babestu barik daude-eta eguneko 24 orduetan", azaldu zuen Aginakok. "Halako egoerarik berriro ere ez errepikatzeko neurriak hartzera" deitu gura izan zituen arduradunak.
Batasunik ez urgentzia aitortzean
Durangoko udalbatzetako araudiaren arabera, urgentziazko mozioak eztabadaitu ahal izateko, adierazpenaren beraren urgentzia bozkatu behar da lehenik. Eta horrek argi berdea lortzen badu, orduan igarotzen dira politikariak adierazpenaren edukiaz eztabaidatzera. Alabaina, atzo ez ziren adierazpenaren edukia eztabaidatzera ez bozkatzera iritsi, mozioaren izaera urgentea zen ala ez erabakitzerako orduan ezezkoa gailendu zen-eta. Ez zuen lehenengo langa hori igaro: EH Bildu eta Herriaren Eskubidea bat etorri ziren adierazpenaren izaera urgentea aitortzean; EAJk, PSE-EEk eta PP ez zuten iritzi bera izan.
PPko Carlos Garcia izan zen posizioa hartzen lehena. Zinegotzi popularrak momentu hartan bertan jakin zuen gertatutakoaren berri, eta EH Bilduri galdetu zion ea zergatik ez zuen "hain gauza serio eta larriari buruzko adierazpena osoko bilkura hasi baino lehenago aurkeztu". "Errespetu faltazkoa" iritzi zion koalizio subiranistaren jarrerari, "testua irakurtzeko eta baloratzeko denborarik eman ez" zielako gainerako zinegotziei.Herriaren Eskubideko Jorge Varelak azaldu zuenez, Durangaldeko hedabideen bitartez jakin zuen gertatutakoaren berri. "Indarkeria matxista beti tratatu behar da urgentziaz. Horrenbestez, izaera urgentea aitortuko diogu adierazpenari", adierazi zuen.
PSE-EEko Jesica Ruizek adierazi zuenez, udalak "Berdintasun Kontseiluko azken bileran" jaso zuen gertakarien berri. "Ordu hartatik gara honen guztiaren jakitun, eta ez dut uste asteon prentsan kaleratutako informazioagatik gaia modu honetan hona ekartzea gertakariak seriotasunez lantzeko modua denik". Josune Escota jeltzaleak ere azaldu zuen Berdintasun Kontseiluko azken bileran landu zutela gaia: "Hainbat emakumeren kexak jaso genituen, ertzain-etxeko arretagaz lotuta, eta ez gara geldirik egon denbora-tarte honetan. Esku artean ditugun tresnak lantzen ibili gara, baita Ertzaintzarekin hartu emanetan egon ere". Gaia urgentziaz landu barik, patxadaz eztabaidatzera gonbidatu zuen koalizio subiranista.