Bidezabaleko gazteak goi mailan aritu dira Euskadiko Kros Txapelketan

Anboto 2025ko urt. 14a, 12:54

Bidezabaleko 18 urtez azpiko taldea.

18 urtez azpiko neskak txapeldun geratu dira eta, 16 urtez azpikoan, Maier Miota azpitxapeldun izan da.

Joan zen asteburuan Euskadiko Kros Txapelketa lehiatu zuten Ordizian. Nagusietan DKT-ko gizonak bikain aritu baziren, beste hainbeste esan daiteke Bidezabaleko gazteei buruz. Esaterako, 18 urtez azpiko nesken taldea txapeldun geratu zen Laia Cariñanos probako irabazlearen eta beste hainbat taldekideren lanari esker: Ixone Sanchez (7. postuan), Emma Montero (11), Arene Pujana (23) eta June Peña (37). Neskekin jarraituz, 16 urtez azpiko mailan, azpitxapeldun geratu zen Maier Miota. Triatloietan aritu ohi den durangarrak aurten debutatu du krosean eta Ordizian Euskadiko txapeldun geratzeko aukerak izan zituen azken esprintera arte.

Mutiletan, 16 urtez azpiko taldea podiumera igo zen, hirugarren postuan, hainbat atleten lanari esker: Endika Agirrebeitia (21), Markel Zelaieta (25), Lier Campo (32) eta Eneko Durruti (37).

Axpek Ajak 20 urtez azpikoan lortutako laugarren postua ere azpimarratzekoa da, lesio batetik bueltan zetorrelako. Maila berean eta mutiletan, zazpigarren tokian sailkatu zen Iker Fidalgo.

Bidezabaleko 16 urtez azpiko taldea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!