“Gurasoengaitik hasi ginen eta gustatzen zaigulako jarraitzen dugu triatloiaren munduan”

Anboto 2024ko mar. 2a, 10:00

Paule Miota Muniain (Durango, 2004) eta Maier Miota Muniain (Durango, 2010) Mugarra Triatloi Taldeko harrobi onaren erakusleak dira. Orain asteburu bi, ahizpa biek elkarregaz lehiatu zuten Garaiko erreleboko duatloia eta irabazi egin zuten, Irati Garaizabalegaz batera.

Garaiko probak gogorra izatearen fama du, baina horrek ez zintuzten kikildu. 
Paule Miota: Tira, niri errespetu apur bat ematen zidan. Zirkuitua aztertuta, aldats handiak zeuden! Gainera, bezperan Zornotzako taldekako duatloia ere egin behar nuen. Baina ahizpak konbentzitu egin ninduen. 
Maier Miota: Federatu mailan egiten nuen lehenengo lasterketa zen eta! Gogotsu eta ilusio handiz nengoen. Apur bat urduri ere bai, egia esanda. 

Irabaztea itxaroten zenuten?
P.M.: Ez, inondik inora ere ez. Lekeitioko Amandarri taldekoak gogor dabiltza beti eta eurek irabaziko zutela uste genuen. Maierrek lehenengo erreleboa egin behar zuen, eta nik azkena. Denok uste genuen Amandarrikoak aldea aterako ziola Maierri, baina bai zera! Sekulako lasterketa egin zuen eta eutsi egin zion. Biak batera heldu ziren. Bigarren erreleboan Irati Garaizabal ere bikain aritu zen eta aldea atera zion aurkariari. Imajinatu zelako erantzukizuna sentitu nuen! Ez nien hutsik egin gura hain ondo aritu ziren taldekideei. Oso urduri jarri nintzen. Baina, tira, neukan dena eman eta irabaztea lortu genuen.

Kasik lasaiago arituko zinen lehenengo erreleboan Maierrek denbora dezente galdu izan balu. 
P.M.: Dudarik barik! Heldu zenean, esan nion: "Ederra egin didazu!" (barrez). Beragaz entrenatzen naiz eta badakit makina bat dena, baina bere erreleboan aritu zen lekeitiarra ere badakit nor den eta duatloilari bikaina da. Aurrean dabil beti. Gainera, kontua ez da bestea txarto aritu zela, Maierrek sekulako maila erakutsi zuela baino.

Ahizpagaz talde berean aritzea berezia izango zen zuentzat.
M.M.: Ilusio handia egin zidan. Beragaz entrenatzea ere berezia da niretzat. Batzuetan piketxoak izaten ditugu ea lehenengo nor heldu, baina pike sanoak dira.
P.M.: Niri ere ilusio handia egin zidan. Urteak neramatzan federatuetara noiz pasatuko zen itxaroten. Maierregaz aritzearren parte hartu nuen Garaiko proban, eta berak eskatu zidalako. 

Zuen gurasoek ere ondo ezagutzen dute duatloiaren mundua. Haiengandik datorkizue afizioa? 
P.M.: Bai. Amak duatloiak egiten zituen eta aita Ironmanak egindakoa da. Eta, jakina, eurengandik datorkigu afizioa. Umetatik ikusi ditugu mundu honetan. Gurasoengaitik hasi ginen, baina gustatzen zaigulako jarraitzen dugu. Gauza bat da probatzea eta beste bat gustatzea. Guk zaletasuna dugu eta gustura gabiltza. 

Asko ikasi duzue eurengandik?
P.M.: Ama atletismoan ibili da eta bera izan zen korrika egitera animatu gintuena. Aitagaz bizikletan ibili gara, bera ere asko ibilitakoa da eta. Asko ikasi dugu eurekin eta biei eskertu gura diegu.

Maier, zuretzat Paule ere erreferente bat da?
M.M.: Bai, asko laguntzen dit. Batzuetan urduri ipintzen naiz lasterketetan, eta lasaitu egiten nau. Eta indarrak neurtzen irakatsi dit; bestela, batzuetan topera irten eta indarrik barik geratzen naiz.  

Batak bestearen zein dohain hartuko zenukete zuontzat?
P.M.: Maierrek entrenamendurako duen zorroztasuna hartuko nuke neuretzat. Zeozer gura badu, ez du etsiko lortu arte. 
M.M.: Paulek egoera zailetan lasaitasunari eusteko duen gaitasuna hartuko nuke.

Zelako giroa duzue Mugarra Triatloi Taldean eta eskolan?
M.M.: Oso ona. Egia esanda, giro onagaz askoz ere errazagoa da entrenatzea.
P.M.: Aurten ez dakit zer gertatu den, baina neska asko dabil taldean. Gorakada bat izan da. Mutilak baino neska gehiago gaude. Niretzat oso pozgarria da hori. Nire adin bueltako neska bakarra izan naiz urteetan, eta ez nenbilen hain gustura. Panorama aldatu egin zait eta pozarren nago. 

Zer helburu duzue denboraldiari begira?
M.M.: Egutegi bat eginda daukagu. Nik Lekeitioko triatloian hiru onenen artean geratu eta Espainiako txapelketara sailkatu gura nuke. Ikasteko eta ondo pasatzeko.
P.M.: Nik helburu bat dut. Lehenengoz distantzia olinpikoko proba bat egiten ahalegintzea. Donostiakoa edo Getxokoa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!