Bikote linguistikoak

Bikote linguistikoak, etorri berrientzako integrazio lanabes

Ekaitz Herrera 2024ko abe. 13a, 08:52

Durangoko Udaleko Immigrazio Sailak Hitz Egidazu programa sortu zuen 2011n, udalerrira bizitzera etorritako herritarrei hizkuntzetan trebatzen laguntzeko.

Programak abiapuntu erraza zuen eta dauka: herritar boluntario batek etorri berria den bati hizkuntza ikasten laguntzen dio, astean behin mintzapraktika-saioa edo kafe-tertulia eginda, gutxi gorabehera. Hartu-eman horiei bikote linguistiko deritze, eta momentu honetan 83 daude Durangon. Parte hartzen duten herritarretatik 73 boluntarioak dira, eta 114 ikasleak. Horrez gainera, Immigrazio Sailetik azaldu dutenez, programa giltzarria da bertako herritarren eta atzerritarren arteko elkarbizitza testuinguru ez-formaletan sustatzeko. Bikote linguistiko horietatik guztietatik bost bat dira euskara lantzen dutenak. Honako erreportaje honetan, bikote bi gerturatu ditugu. Juan Luis Garitaonandiak eta Jheimy Fernanda Lopezek osaturikoa, eta Maryory Echavarriak eta Julen Bengoak osaturikoa.

Hizkuntza boluntarioen profila

Durangoko Immigrazio Sailak bikote linguistikoen programak emandakoa jasotzen du ikasturte bakoitzaren amaieran. Alabaina, indarrean dagoen ikasturtea amaitu barik dagoenez, oraingoz ez du balantzerik egin. Hori dela eta, azken datuak 2023-2024ko ikasturtekoak dira. Honako hau da hizkuntza boluntariotza programan parte hartzen dutenen profila:

Boluntario kopurua: 82.

Jatorri geografikoa: Durango (71), Abadiño (5), Berriz (2), Elorrio (1), Iurreta (3) eta Zornotza (1).

Generoa: 64 emakumeak izan ziren; 18, gizonak.

Boluntarioen kasuan lez, hizkuntza ikasleen azken datu estatistikoak 2023-2024ko ikasturtekoak dira.

 

Hizkuntza ikasleen profila

Ikasle kopurua: 121.

Generoa: 64 emakumezko eta 57 gizonezko.

Jatorri herrialdeak: Bolivia, Brasil, Kolonbia, Etiopia, Ghana, Ginea Bissau, Mali, Maroko, Nigeria, Mauritania, Nikaragua, Pakistan, Portugal, Sahara, Senegal, Somalia eta Ukraina.

Bizileku duten udalerria: 80 Durangon bizi dira. Gainerakoak, Abadiñon (9), Atxondon (5), Berrizen (8), Iurretan (6) eta Zaldibarren (6).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!