Bikote linguistikoak

"Euskal kulturagaz maiteminduta nago"

Anboto 2024ko abe. 13a, 08:51

Maryory Echavarria Kolonbiatik Durangora etorri zen orain urte bi, eta euskaran eta euskal kulturan murgiltzeko erabakia hartu du. Horretarako, Durangoko bikote linguistikoen programan eman zuen izena. Julen Bengoa (Durango, 1993) du hizkuntza-boluntario eta bidelagun.  Bengoak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzen laguntzen dio Echavarriari. Bigarren urtea dute programan, eta astero-astero batzen dira euskarari eta euskal kulturari buruzkoak aletzeko.

Honako hau bigarren ikasturtea duzue. Iazko ikasturtekoa esperientzia ona izan zen seinale.
Maryory Echavarria: Urte bi daramatzat Durangon. Programa hau bertako jendea ezagutzeko, lagunak egiteko, bertako kultura ezagutzeko eta integratzeko era bat delakoan nago. Oso baliagarria zait hemengo ezaugarri kulturalak ezagutzeko eta apurka-apurka euskarazko berbak ulertzeko. Julenek izugarri laguntzen dit bide horretan.  

Hizkuntzari eta euskaldunei dagokienez, zerk piztu dizu arreta?
M.E.: Egia esaten badizut, maiteminduta nago euskal kulturagaz. Asko gustatzen zait euskaldunek daukazuen komunitate eta kidetza-sentipena. Zuena dena babesteko eta mantentzeko duzuen sen hori, hizkuntza babesteko gogo hori, adibidez, oso polita da. Euskaratik gehien gustatzen zaidana da berba bakoitzak esangura bat duela. Denak du esangura edo zentzu bat, esangura sakon eta eder bat. Horrek arreta pizten dit, oso gauza polita da eta. Asko gustatuko litzaidake egunen batean euskaraz egitea.  

"Euskaratik gehien gustatzen zaidana da berba bakoitzak esangura bat duela. Denak du esangura edo zentzu bat, esangura sakon eta eder bat"

Julen: zeu zara Echavarriaren bidelaguna. Zergaitik erabaki zenuen hizkuntza boluntario egitea?
Julen Bengoa: Nire inguruko lagunak, kuadrilla, jendea... denak dira bertakoak, baina gero, errealitatea askoz ere zabalagoa da. Izan ere, Durangoren moduko leku batean lagunak, poteoa eta halakoak ikusten dituzu, baina hortik kanpora errealitate desberdin ugari dago. Interesgarri deritzot bestelako errealitate batzuetara gerturatzeari eta nire errealitatea ez dutenekin partekatzeari. Nik neuk ere asko ikasten dut Maryorygaz. Migratzaileek dituzten oztopoak, aurre egin beharrekoak... horiek guztiak ez dira nire errealitatean existitzen, eta berari eskerrak nabil ikasten.  

Astean behin batzen zarete berriketan egiteko. Zeri buruz berba egiten duzue?
J.B.: Bizenta Mogel Bibliotekan hasi ginen batzen, hango eremu batean. Akorduan daukat Maryoryk koaderno bat ekartzen zuela apunteak hartzeko asmoz. Baina gure topaketak eguerdi partean izaten direnez, denbora igarota, aproposagoa ikusten genuen kafetegiren batean elkartzea. Eta hala, Jai Berrira edo Duzu kafetegira joaten gara. Egunerokotasunari buruz berba egiten dugu, gure bizimoduari buruz, aktibitateei buruz. Euskal kultura, ohiturak, kuadrillak... horiek ditugu mintzagai. Eta txangoak ere izaten ditugu ahotan, Maryoryri asko gustatzen zaio-eta bizikletan ibiltzea. Alde horretatik, Durangaldeari buruz ere berba egiten dugu.
M.E.: Bai, Julenek lekuak ezagutzeko eta bisitatzeko proposamen ugari egin dit. Adibidez, bizikleta hartu eta Axpera joatekoa. Aurreko batean han izan nintzen. Egia esanda, egunerokotasunari buruz berba egiten dugu, eta hor, apurka-apurka, euskarazko berba asko irteten da. Juleni eskerrak berba mordoa ezagutzen eta ulertzen nabil. Pentsa! Nire abizenak zer esan gura zuen ere ez nekien. Abizena euskalduna zela banekien, baina Julenek eman zidan esanguraren berri. Azken finean, honek guzti honek elkar eragiteko balio du. Biok ikasten dugu.  

"Nik neuk ere asko ikasten dut Maryorygaz. Migratzaileek dituzten oztopoak, aurre egin beharrekoak... horiek guztiak ez dira nire errealitatean existitzen" 

Zuk, Julen, zer beste ikasi duzu Maryorygaz?
J.B.: Gogoan dut berak kontaturiko anekdota bat. Euskal Herrira etorritakoan harrituta utzi zuen lehenengo esperientzia kontatu zidan. Supermerkatu batean zegoela, euskaldunok haserre bizi ote ginen galdetu zion kutxako beharginari. Kolonbian etengabe dabiltza-eta elkar agurtzen, elkarri eskerrak ematen. Hemen, ostera, nahiz eta haserre bizi ez, horrelakoak gara. Beharbada itxiagoak, eta gehiago kostatzen zaigu elkar ezagutzea. Kolonbian, ostera, zabalagoak dira.
M.E.: Bai. Nire kontrako jarrerarik ez zegoela ulertu behar izan nuen. Izateko beste modu bat duzuela, ez besterik. Beharbada desberdintasun kultural horiek dira ulertu beharrekoak. Kuadrillen kontzeptua zer den ere ikasi dut. Oso interesgarria deritzot. Oso lagun talde batuak dira; gustatu zait kuadrilletan dena partekatzeko eta elkar laguntzeko dagoen joera hori. 

Urte bi hauetan zelan lagundu dizu bikote linguistikoen zati izateak?
M.E.: Migratzaileok leku berri batera heltzen garenean, hartu-emanak eginez hasten gara. Eta abiapuntu lez, gure komunitate bereko kideekin batzea izaten da ohikoena. Bikote linguistikoen programak, ostera, esparrua zabaltzen laguntzen du. Herritarrak eta beste migratzaile batzuk ezagutzen zoaz. Adibidez, Julenegaz euskal kulturaz ikasteko programan parte hartzen dut, baina errumaniarra den emakume bategaz ere esku hartzen dut, hari gaztelania erakutsita. Espazio honek integraziorako tresnak ematen dizkizu; bestela, arriskua dago zure komunitatekoekin bakarrik geratzeko. Baina hona etorri gara eta gizartean integratzea inportantea delakoan nago.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!