Zergaitik erabaki zenuten bikote linguistikoen programan izena ematea?
Juan Luis Garitaonandia: Hiru onura nagusi ikusten dizkiot: etorri berriei euskaran murgiltzen laguntzea, euskarari berari zabalkundea ematea, eta, etxean gora begira geratzea aspergarria izan daitekeenez, norbere burua martxan, aktibo, mantentzea. Nik neuk ere asko ikasten dut hemen.
Jheimy Fernanda Lopez: Migratzailea zarenean, hizkuntzak berebiziko garrantzia hartzen du. Eta hemen, nahiz eta gaztelania ere egiten den, euskara oso garrantzitsua da. Beti gustatu izan zaizkit hizkuntzak, eta euskara nire hirugarrena da. Gaztelaniari eta ingelesari euskara batuko diet orain. Hizkuntza gatxa da, baina, gutxienez, ulertzea lortu gura dut. Programan izena emateko beste arrazoi bat hemengo kulturan barneratzea eta herritarrak ezagutzea, lagunak egitea, da. Gainera, Juan Luis ez da nire bikotekide linguistiko bakarra. Beste herritar bati ere laguntzen diot, gaztelania irakatsita.
Ez gatoz hona bizitzera edo lanera bakarrik. Hizkuntzari ekarpena egitera ere bagatoz, galdu ez dadin, bizirik iraun dezan. Zerbait polita dela deritzot
Zelan antolatzen zarete topaketak egiteko?
J.F.L.: Lau aste dira elkar ezagutu eta euskara lantzen hasi ginela. Oso bilakaera ona izan da orain arte. Juan Luisek ariketak ekartzen dizkit astero-astero. Hizketa gaiak prestatzen ditu eta ni apurka-apurka hiztegia lantzen nabil. Irakasle zorrotza da! (barrez)
J.L.G.: Astean behin batzen gara, martitzenetan. Konpromiso hori hartu dugu. Jheimy Udal Euskaltegitik irtendakoan, kafetegian jarraipena ematen diegu ikasketei. Hasteko, elkar euskaraz agurtuta hasten ditugu topaketak. Gero, zelanbaiteko ikasgaiari heltzen diogu. Gai bat lantzen dugu astero. Joan zen astean, gure bizilekuez eta familiez berba egin genuen. Asteon, mendiak izango ditugu ahotan. Datorren astean, umeentzako ipuin bat landuko dugu.
Jheimy, programa hau lagungarria da euskaldunen artean barneratzeko?
J.F.L.: Urtebete honetan oso ondo sentitu naiz hemen, oso pozik nago, nahiz eta euskaldunak itxi samarrak zareten! (barrez). Kuadrillak egituratuta daude eta taberna batera sartu eta baten bategaz berba egitea gatx izaten da. Beraz, horrelako programak oso onuragarriak dira jendea ezagutzeko, hartu-emanak egiteko. Hona heldu nintzen arte ez nuen euskaldunen berri. Hemengo paisaia txundigarria da, gainera, eta asko gustatzen zait paseatzea eta ibiltzera irtetea. Klimara egokitzea gatxagoa zait, tropikoko herrialde batetik nator eta.
Beste bati laguntzeak eta ekarpena egiteak bete egiten nau. Gainera, honek guzti honek adimena argi mantentzeko ere balio dit
Zer ematen dizue lankidetza honek?
J.L.G.: Poza. Beste bati laguntzeak eta ekarpena egiteak bete egiten nau. Gainera, honek guzti honek adimena argi mantentzeko ere balio dit. Funtsean, zoriontsuago egiten nau.
J.F.L.: Migratzaileok euskara ikastea erabaki dugula diogunean, herritar asko harritu egiten dira. Harridura eta poza nahasten zaizkie aurpegietan. Izan ere, ez gatoz hona bizitzera edo lanera bakarrik. Hizkuntzari ekarpena egitera ere bagatoz, galdu ez dadin, bizirik iraun dezan. Zerbait polita dela deritzot.