Durangoko gobernu taldeak EH Bilduren ekarpenak onartu ditu, "aurrekontuak adosteko" borondatez

Anboto 2024ko abe. 3a, 13:04

Gobernu taldeak 2025eko udal aurrekontua onartzeko negoziaketak abiatu zituen EH Bildurekin eta Alderdi Popularrarekin, urrian. Mireia Elkoroiribe alkatearen berbetan, "aukera paregabea" da "denen adostasuna duen aurrekontua lortzeko". Abenduaren 18an eztabaidatuko dute 2025eko aurrekontua Durangon.

EAJ eta PSE-EEk urrian aurkeztu zuten 2025erako aurrekontu proposamena, gainontzeko udal taldeekin negoziaketa prozesua zabalduz. "Herritar guztien interesa islatuko duen akordioa lortzeko", EH Bildurekin eta PPrekin batzartu da gobernu taldea. Herriaren Eskubideak osoko zuzenketa iragarri duela azaldu du gobernu taldeak eta ez duela negoziaketetan parte hartu.

Josune Escota alkateordeak zuzendu du negoziaketa prozesua. Berak azaldu duenez, EH Bilduk aurrekontua onartzeko "baldintza modura" ipini du bere ekarpenak osorik jasotzea, eta gobernu taldeak guztiak onartzea erabaki du. "Aurrekontuei begira, elkarrizketarako eta akordioa bilatzeko dugun konpromiso argia erakusten du horrek", Escotaren berbetan. "Hartara, EH Bildu udal talde osoari eskua luzatzen diogu behin betiko akordio baterantz aurrera egiteko, eta 2025eko aurrekontuen egonkortasuna eta bideragarritasuna bermatzeko", gaineratu du. EH Bilduk aurrekontuari bost zuzenketa aurkeztu zizkion hasiera batean. Negoziaketak aurrera egin ahala beste hiru proposamen gehitu dituela argitu du Escotak.

Bestalde, Alderdi Popularrarekin zabaldutako negoziaketak "norabidea positiboa" dutela azaldu du Escotak. "Gobernu taldeak alderdi politiko guztiekin berba egitea baloratzen du, beti ere ahalik eta adostasun handiena lortze aldera". Herriaren Eskubideak zuzenketa partzialik ez duela aurkeztu gaineratu du, eta dutela negoziaziorik hasi. "Ezer ez dugula partekateko erabaki dugu".

"Ahal genuen eta aurrekonturik onena"

Mireia Elkoroiribek azaldu duenez 43 milioi euro inguruko aurrekontua osatu dute, behin ekarpenak sartuta. "Ahal genuen aurrekonturik onena aurkeztuko dugu. PP eta EH Bilduk aurrekontua hobetzeko zuzenketak egiteko aukera ikusi dute. Eta, biek agertu dute adostasun batera heltzeko gogoa". Alkateak adierazi du "EH Bilduen baietzaren zain" daudela, "aurrerapausoa eman", eta aurrekontua onartu ondoren "elkarlanean" lan egiteko. "Durangarren ongizatea da helburua, eta adostasunera heltzerik badugu areago eta hobeto".Elkoroiriberen berbetan, "aukera paregabea" da "denen adostasuna duen aurrekontua lortzeko".

Elkoroiribek esan du gobernuprogramaren ildo-estrategikoak garatzen jarraitzeko "konpromisoa" duela gobernu taldeak, "herritarren ongizatea, azpiegituren hobekuntza, enpleguaren sorrera eta ekonomiaren dinamizatzea bermatzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!