Durangoko aurrekontuetan etxebizitza, ingurumena eta zaintza sistema jasotzea eskatu du EH Bilduk

Anboto 2024ko aza. 18a, 14:36

Subiranisten iritziz, gobernu taldeak 2025ari begira proposaturiko aurrekontuek "ez diete Durangok dituen erronka nagusiei erantzuten". Hori dela eta, etxebizitza eskubideari, ingurumenari eta zaintza sistemari loturiko emendakinak aurkeztu, eta "akordio zabal bat lortzera" deitu dute gobernu taldea. Bestalde, koalizioak "aurrekontuetatik harago doan proposamena" aurkeztuko du barikuan San Agustinen. 

Durangoko EH Bilduk bere iritzia kaleratu du gobernu taldeak egindako aurrekontu proposamenaren harira. Koalizioaren iritziz, "2025eko kontuak inoizko handienak izango diren arren", proposamenek "ez diete Durangok dituen erronka nagusiei erantzuten". Aurrekontuen zirriborroan etxebizitzari buruzkoak ez direla aipatzen esan dute, eta ingurumenera bideratutako diru partida "%14" jaistea aurreikusi dela kritikatu. Era berean, proposamenen artean "zaintza sistema publiko eta duina lantzeko proiekturik edo programarik ez" dagoela adierazi dute.

Horren guztiaren aurrean, koalizio subiranistak hainbat emendakin egin du "akordio zabala" lortzeko helburuarekin. Honako hauek dira: 

  • Etxebizitza hutsak berriztu eta alokairu babestura ateratzeko diru laguntzak: 130.000€
  • Co-housing edo etxebizitza intergenerazionalen proiektua aztertzeko prozesu parte-hartzailea: 20.000€
  • Durangoko energia komunitatea sortzea (iazko partida luzatu): 100.000€
  • Zaintza diagnostikoaren ondorengo ekintza plana garatzea: 40.000€
  • Ezkurdi pilotalekuan bigarren aldagela bat egokitzea: 150.000€
  • Klima-aldaketa arintzeko neurriak: 160.000€

Aurkezpena barikuan

Koalizio subiranistak Norabide bat Durangori dinamika aurkeztuko du bariku honetan, hilak 22, San Agustin Kulturgunean, "gaur gaurkoz udal gobernuak epe luzerako norabiderik ez daukala" iritzita. Bertan "etorkizuneko erronka berriak" aletuko dituzte: "larrialdi klimatikoa, aldaketa demografikoak eta zaintza krisialdia", besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!