Larrasoloeta xake taldearen urteurren festak Euskadi osoko 200 ume batu zituen

Anboto 2024ko aza. 7a, 09:53

Joan zen asteburuko irudia. (Argazkia: Larrasoloeta)

Egun osoko jaiagaz ospatu zuten 40. urteurrena.

Durangoko Larrasoloeta xake kluba 40. urteurrena ospatzen ari da aurten. Irailean Adiskidetasun Txapelketa antolatu zuten Landako Gunean, Euskal Herritik nahiz beste hainbat tokitatik etorritako 40 klubekin. Joan zen asteburuan, berriz, Xake Festaren txanda izan zen, toki berean. Oraingo honetan umeak izan ziren protagonista. Euskadi osotik etorritako 200 bat ume batu ziren Durangon xakean jokatzeko.

Jesica Ruiz alkateordearen eta Carlos Sergio klubeko eskola-kiroleko zuzendariaren ohorezko sakearekin hasi zen ospakizuna. Egunak hainbat osagai izan zituen: hasiera ekitaldia, Jaizale Txistulari Elkartearekin; estanpazio tailerra, Durangaldeko Artisten Elkartearekin; mahai-jokoak, Hiru Joku elkartearekin; eskalada, Ourdaybi elkartearekin; saskibaloi saioa Tabirakorekin, eta, zuzeneko musika, Nintendos taldearekin. Cafés Baqué-k ere ekimenean parte hartu gura izan zuen, bere kafearekin.

Elkartasuna

Ekitaldiari izaera solidarioa eman zioten. Kirol-ekipazioa saltzetik bildutako dirua Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteari eman zioten. Horrekin batera, elkarteko kideak Durangon izan ziren euren lanaren berri emateko.

Xake Eskola

Urteurren festa Lasuen Xake Eskola aurkezteko baliatu zuten. Xakean ikasi eta hobetu gura duten denei bideratuta dago, ume, heldu zein nagusiei. Xakea jendartera gehiago zabaltzeko ahalegin berria da. Ildo horretatik, aurreratu zutenez, "proiektu berriak" dituzte eskuartean "xakea jarduera inklusibo eta hezigarri gisa sustatzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!