Gaur egun, udalaren laguntza eta hainbat babesleren euskarria dugu ekintza ezberdin asko antolatu ahal izateko; ia 50 bazkideren eta 30 bat haurren bultzadarekin eta ilusioarekin, duela 40 urte hasitako bidea jarraitzen dugu etorkizunari begira.
2024. urte hau benetan berezia izaten ari da Larrasoloeta Xake Taldea osatzen duen familia txikiarentzat, ekintzaz eta 40. urteurreneko ospakizunetan murgildurik. Azkenetako bat '40. urteurreneko Adiskidetasunaren Txapelketa' arrakastatsua izan zen, joan zen irailaren 21ean Durangoko Landako Gunean egin zena eta 40 xake talde biltzea lortu zuena (160 jokalari); normalean, 10-15 talde biltzen dira. Besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako, Errioxako, Kantabriako, Asturiasko eta Kataluniako taldeak etorri ziren.
40. urteurrenaren barruan, beste ekitaldi garrantzitsuena domekan (azaroak 3) Landako Gunean ospatuko den 'Xakearen Festa' izango da. Adin guztietako pertsonei zuzendutako jaialdi honetan, noski, xake partidak egongo dira (partida azkarrak), maila guztietako umeentzat, jubilatuentzat eta helduentzat. Ekitaldiko goizeko atal hau xake eskola aurkezteko erabiliko da; aipatzekoa da aurten nagusien xake eskola sortu dugula (18 urtetik gorakoentzat). Eta horretaz gain, arratsaldean jarduera ezberdinez betetako festa izango da: eskulanak, saskibaloia, estanpazio-tailerra, photocall-a, aurpegi pintura, jokoak, puzgarriak, kutxak eskalatzea, kontzertua, xake erraldoia… Gainera, une oro, kafetegia eta 'Xakearen Museoa' egongo dira.
Beraz, laburbilduta, erraz bereiztu daiteke gure jardunaldien oinarrizko helburua: xakea sustatzeaz aparte, antzinako joko honetara hurbiltzen den edonor ez aspertzea.