Durangon prezio mugatua duten babestutako etxeak eraikitzeko ordenantza onartu dute

Anboto 2024ko urr. 31a, 13:19

Durangon Etxebitza Tasatuen Ordenantza eta Bizipark bizikletentzako aparkelekuak arautzeko erregelamendua onartu dituzte.

Datozen urteetan 520 babestutako etxebizitza eraikiko dituzte Durangon. Horietako 330 alokairu sozialeko etxebizitzak izango dira, eta gainerako 190 etxebizitzek prezio mugatua izango dute. Azken horiek eraikitzeko aukera zabalduko du azken udalbatzarrean onartu duten Etxebizitza Tasatuen Ordenantzak. Etxebitza babestuak izango dira eta prezio mugatua izango dute. Gainera, gutxienez urtebetean Durangon erroldatuta daudenentzat izango dira. Udal gobernuak azaldu duenez, 2026an hasiko dira eraikitzen. EAJk, PSE-EE eta PPren botoekin onartu dute araudi berria.

EH Bildu eta Herriaren Eskubidea ordenantzaren aurka agertu dira. EH Bilduren ustean, "udalarena den lurazoru batean alokairu soziala bultzatzeko aukera galdu" dute. "Gainera, udalaren den lurzorua galduko dugu". Herriaren Eskubideak berretsi zuen araudiaren aurka dagoela. Uztailean onartu zen ordenantza behin behinean.

Bizikletentzako aparkalekua

Beste alde batetik, Bizipark-a arautuko duen erregelamendua onartu du udalbatzarrak. Mugikortasun jasangarria eta bizikletaren erabilera sustatzea du helburu 24 leku izango dituen aparkaleku berriak. Udal gobernuak aurreikusi du datorren urtean martxan izatea. EAJ, PSE-EE eta PPren babesagaz onartu da araudi berria. EH Bildu abstenitu egin da eta Herriaren Eskubidek aurkako botoa eman du. 

Herriaren Eskubidek osoko zuzenketa aurkeztu dio araudiari. Azaldu dutenez, "araudiak ez ditu dauden premiak asetzen eta ditu herritarrengandik jasotako eskariak jasotzen. Txandakako aparkalekua izan beharko luke, eta  herritar guztientzako erabilgarria izan beharko luke". Uste dute "bizikletentzako gordelekua" bihurtuko dela, eta kritikatu dute 24 pertsonek bakarrik erabili ahal izango dutela. "Ez gaude bizikletaren erabileraren aurka. Uste dugu udal zerbitzuetara hurbiltzeko eta garraio publikoa sustatzeko azpiegitura izan beharko lukeela".

EH Bilduk uste du epe luzerako eztabaida bat behar dela. "Bizikletentzako aparkaleku seguruak behar dira, baina ez gaude ados planteatutako funtzionamendu ereduarekin. 24 pertsonentzako trasteleku horrek ez du bizikleta bidezko mugikortasuna sustatuko".

PSE-EEk nabarmendu du bizikletentzako aparkamendu seguru bat proposatzen dela, "herritarrek eginako eskariari erantzuten diona". Gaineratu, izena ematen duen edonork erabili dezakeela. EAJk adierazi du herrian bizikletentzako 600 bat aparkaleku daudela, eta herritarrek aparkaleku seguruak eskatzen dituela. Gaineratu dute aurrera begira gehiago jartzeko aukera ere egon daitekeela.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!