Durangoko BiziPark bizikletentzako aparkaleku-zerbitzuaren funtzionamendurako araudia prestatzeko aurretiazko kontsulta prozesua hasi du udalak. Datozen 15 egunetan bideratuko da, ekainaren 27ra arte, eta udalaren webgunean dago eskuragarri.
Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan diseinatu du BiziPark proiektua udalak, "hainbat garraiobideren erabilera konbinatua sustatzeko" helburuarekin, ibilgailu pribatuaren erabilerari "alternatiba bideragarri" bat emanez. BiziPark bizikletentzako aparkaleku segurua da, eta Durangon mugikortasun iraunkorra sustatzea du helburu.
Kontsulta publikoa zerbitzua eskuratzeko eta erabiltzeko baldintzak arautuko dituen ordenantza egiteko prozesuaren funtsezko zatia da, udal arduradunek azaldu dutenez, eta herritarrak modu aktiboa parte hartzera deitu dituzte, egindako ekarpenak "funtsezkoak" direlako "zerbitzuaren erabiltzaileen beharrak eta itxaropenak islatuko dituen araudia egiteko".
Ordenantzaren helburua da gida uniforme bat ematea BiziPark aparkaleku-zerbitzuaren funtzionamendurako. Zerbitzua eskuratzeko baldintzak, eskaerak, esleipenak, altak, bajak eta erabilera estandarizatu nahi da. Udalaren ardura izango da bizikletak aparkatzeko zerbitzua kudeatzea.
Aldundiak zerbitzua erabiltzeko baldintzak ezartzen dituen zirriborroa eman du, Bizkaiko BiziPark guztien funtzionamendu uniformea bermatuz.