Ordenantza berri horri esker, prezio tasatuko etxebizitzak eraiki ahal izango direla azaldu du gobernu taldeak. Gutxienez urtebetez erroldatuta dauden durangarrek etxebizitza horiek eskuratu ahal izango dituzte.
Udalak ordenantzaren ezaugarrien berri eman du. Aurrerantzean, Durangoko Udal Etxebizitza Tasatuek etxebizitza babestuen kalifikazio iraunkorra izango dute, eta, ondorioz, eskualdatzearen gehieneko prezioari, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideei eta nahitaezko desjabetzeari lotuta egongo dira modu iraunkorrean, haien helburua betetzen ez bada, bai eta babes publikoko etxebizitzei aplikatu beharreko legerian ezarritako gainerako zehaztapenei ere. Nahitaezkoa izango da ohiko etxebizitza izatea, eta ezin izango da beste helburu batzuetarako erabili (turismorako, adibidez). Udalak aurreikusten du Durangon 520 etxebizitza tasatu eta babes sozialekoak eraikiko direla datozen urteetan. 330 gizarte-babesekoak izango dira eta guztiak gizarte-alokairurako izango dira. 2026an etxebizitza horiek eraikitzen hastea aurreikusten da.
EH Bilduren iritziz ordenantza honekin ez da etxebizitza tasaturik alokairura bideratuko, eta hauen salmenta prezioa merkatuaren esku egongo da. EH Bilduk dioenez, "aukera on bat galdu da Durangon alokairua sustatzeko. Udalaren jabetzako lurretan eraikiko diren etxebizitza tasatuak alokairura bideratzea eskatzen genuen, baina gobernuak baztertu egin du proposamena. Bestalde, ordenantza honen arabera, etxebizitza tasatu hauek 290.000€ -rainoko prezioa izan ahalko dute. Hau da, etxebizitza tasatu hauek gaur egun eraikitzen diren etxebizitza libreak baino garestiagoak izan ahalko dira", argudiatu du EH Bilduk.
Herriaren Eskubidea/Independienteak taldeak hainbat zuzenketa aurkeztu dizkio Udal Etxebizitza Tasatuen Ordenantza zirriborroari. "Proposamen horien helburua alokairuaren eta erosketaren prezioak arautzea da, pertsona guztiek etxebizitza bat eskuratzeko aukera izan dezaten. Vienako etxebizitza publikoaren ereduari jarraituz, alderdi independenteak alokairuaren prezioak familien diru-sarreren arabera arautzea proposatzen du, familiek gehienez ere diru-sarreren heren bat ordain dezaten alokairuan". arrazoitu dute. Gainera, Herriaren Eskubidea/Independienteak alderdiak proposatu du lurzati publikoen gainean eraikitzen diren etxebizitza tasatu guztiak alokatzeko erabiltzea. "Horrek Durangon alokairuko etxebizitzen kopurua handitzea eragingo luke, alokairu eta salmenta prezioak erregulatzen lagunduz". Gobernu taldeak baztertu egin ditu prezioak arautzeko proposamen horiek guztiak. "Ordenantza bat onartu dute, enpresa eraikitzaileen onurak defendatzen dituena, durangarrenak babestu beharrean", azaldu du Herriaren Eskubide/Independienteak taldeak.