Datozen urteetan 520 babestutako etxebizitza eraikiko dituzte Durangon. Horietako 330 alokairu sozialeko etxebizitzak izango dira, eta gainerako 190 etxebizitzek prezio mugatua izango dute. Azken horiek eraikitzeko aukera zabalduko duen Etxebizitza Tasatuen Udal Ordenantza datorren asteko udal osoko bilkuran onartuko dute, hasiera batean. Durangok lehenengoz izango du mota horretako ordenantza bat. Testuak arautuko dituen prezio mugatuko lehenengo etxebizitzak Birjinosten egiten dabiltzanak dira. Bestalde, San Faustoko alokairu sozialeko 16 etxebizitzak urte honen amaieran aurrikusi dute herritarren eskura jartzea. Prezio mugatua duten etxebizitzak gutxienez urtebetez herrian erroldatuta dauden durangarrek eskuratu ahal izango dituzte.
Mireia Elkoroiribe alkatearen berbetan, ordenantza berriak "erantzun zuzena" ematen die durangarren eskariei. Era berean, gizarte "bidezkoagoa" eta "eskuragarriagoa" eraikitzeko "urrats esanguratsua" da. "Momentu garrantzitsua da hau Durangorako", azpimarratu duenez. Politika "errealista" eta "egingarria" landu dutela nabarmendu du alkateak. Jesica Ruiz alkateordearen berbetan, "durangar guztiek etxebizitza eskuragarriak eta kalitatezkoak izango dituztela ziurtatzeko konpromisoa" du udalak, "bakoitzak dituen aukeren arabera". Gaineratu duenez, etxebizitza premiari erantzutea ez ezik, "ekitatea eta ongizatea" sustatzea dute helburu.
Gobernu taldeak etxebizitza berriak eraikitzeko eta hutsik daudenak merkaturatzeko konpromisoa duela nabarmendu du, "herritarrei etxebizitza egoki bat eskuratzeko aukera eskaintzeko oinarriak ezarriz". Eusko Jaurlaritzako Etxebitza Sailarekin bilera bat egitea eskatu dute, herriko etxebitza-politika guztia koordinatze aldera.
EH Bildu: "Etxebizitza politikak berritzeko garaia da"
EH Bilduk kritikatu duenez, gobernu taldearen planteamenduak salmentara begirako etxebizitzen prezioa baino ez du mugatzen, "alokairua albo batera utzita". Diotenez, "etxebizitza publikoko politiketan berritzeko eta etxebizitzaren eskubidea bermatzeko" aukera galdu da.
Udal jabetzako lurzoruan eraikiko diren prezio mugatuko etxebitzak alokairu erregimenean bideratzea eskatu diote gobernu taldeari. Horretarako, ordenantzari zuzenketak aurkeztu dizkio, nahiz eta gobernu taldeak atzera botako dituela aurreratu. "Ia ez dago alokairuko etxebitzen eskaintzarik Durangon, eta dagoen apurra Jaurlaritzaren gomendio-indizeak gainditzen dituen prezioak ditu", diote.
EH Bilduk uste du etxebitza politiken "eredu berri baterako" proposamenak egiteko garaia dela. "Ezin da lurzorua saltzen eta etxebizitza eraikitzen jarraitu, epe laburrean etekin ekonomikoa lortzeko asmo bakarrarekin. Berritzeko unea da, alokairuan eskaintza sustatzekoa eta alokairuko etxebizitzen parke publikoa sortzeko".