Iñigo Gorostola 'Arrieta' zestalari durangarrak bere ibilbideko azken partidua jokatu zuen atzo Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. 23 urteko ibilbidea etxean agurtu zuen Jai Alai Leagueko Lauko Finaleko atariko partidua jokatuz. Baina horren aurretik omendu egin zuten. Zesta eskolako gazteek egindako pasilloarekin kantxaratu zen, hainbat oroigarri jaso zituen eta bertsoak kantatu zizkioten. Ondoren, mikrofonoa hartu eta berba batzuk esan zituen. Agurra etxean egitea berezia zela esan zuen eta zesta eskolan hainbeste ume ikusteak ilusioa egiten ziola. Azkenik, bere familiari eta bere ibilbidean lagundu diotenei eskerrak eman zizkien.
Hona atzo Unai Iturriagak Gorostolari eskainitako bertsoa:
Gorostola, Arrieta
izen bata zein bestie
erretiretan zarela
heldu jaku albistie
ya etzara Amerikara
urretan joan zan gaztie
baina zer ederragorik
zeure herrijen iztie
frontoien be dana ezta
galdu edo irabaztie
sarritan da hurrenguek
allegau arte eustie
gaztetxuek zain dauz zeinek
hartuko zeure zestie (bis)
(Irudiak: Jai Alai League)