Durangok txapeldun bat erabaki eta txapeldun bat agurtuko du

Anboto 2024ko urr. 3a, 13:01

Final Four-a gaur aurkeztu dute, Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan.

Jai Alai Leagueko bikote irabazlea Ezkurdi Jai Alain erabakiko da. Urriaren 7ko lehen finalerdian Iñigo Gorostola 'Arrieta' zestalari durangarra omenduko dute, erretiratu egingo delako.

Emozioz betetako Lauko Finala dator aurretik. Ez munduko zestalari onenak bertatik bertara ikusteko zirraragaitik bakarrik, baita etxeko pilotari baten agurrak eragiten duen hunkiduragatik ere.

Gaur aurkeztu dute Jai Alai Leagueko Lauko Finala. Ranking ofizialeko zortzi pilotari onenek jokatuko dute: Erkiaga, Johan, Basque, Laduche, Gorka, Del Rio, Barandika eta Lopezek. Bikoteak ranking-eko sailkapenaren arabera osatuko dituzte. Erkiaga-Basque bikotea txapela janzteko faborito nagusienetakoa da. Izan ere, Erkiaga ispastertarrak sekulako denboraldia osatu du orain arte: 6 Slam eta beste horrenbeste Master irabazi ditu.

Lauko Finala hiru jardunaldik osatzen dute: urriak 7, urriak 14 eta urriak 21. Beraz, hiru astelehenetan jokatu dira. Jardunaldi guztiak 19:00etan hasiko dira eta ETBn jarraitu daitezke.

Sarrerak www.eramanjaialai.com webgunean eskuratu daitezke.

'Arrieta'-ren agurra

Urriaren 7ko jardunaldia berezia izango da. Atariko partiduan Iñigo Gorostola 'Arrieta' durangarrak jokatuko du eta 23 urte iraun duen ibilbide luze eta oparoko azken partidua izango da. Beraz, etxean eta herritarren aurrean esango du agur. Durangoko puntistak Lekerikarekin osatuko du bikotea. Biek Urreisti eta Zabala izango dituzte aurrez aurre.

Iñaki Osa Goikoetxea puntista handiak agur-omenaldian parte hartzera gonbidatu ditu "herritarrak eta pilotazale guztiak" gaurko prentsaurrekoan. Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak ere gogoan izan du Gorostola. "Oso une berezia biziko dugu. Emozioz betetako agur partidua izango da, Arrietaren ibilbidea aitortzeko eta lehen mailako kirol ikuskizunaz gozatzeko aukera paregabea. Durangar guztiak etortzera eta egun horretan Arrietarekin batera egotera animatzen ditugu", adierazi du.

"Txapelketa hau plataforma ezinhobea da kirola bultzatzen jarraitzeko eta ziur nago erabateko arrakasta izango duela. Emozioz, kiroltasunez eta errespetuz betetako liga izan dadila espero dugu", adierazi du segidan Elkoroiribek, desio batekin amaitzeko. "Etorkizun hurbilean Durangon emakumezkoen txapelketa ere ikusi ahal izatea gustatuko litzaiguke".

URRIAK 7, 19:00

  • Arrieta-Lekerika / Urreisti-Zabala
  • Johan-Gorka / Laduche-Del Rio

URRIAK 14, 19:00

  • Atariko partidua
  • Erkiaga-Basque / Barandika-Lopez

URRIAK 21, 19:00, FINALA

  • Atariko partidua.
  • Jai-Alai Leagueko finala
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!