"Berriro jaioko banintz, zestalaria izango nintzateke"

Aritz Maldonado 2024ko urr. 3a, 13:00

Aitaren pausoei jarraituta, Iñigo Gorostola 'Arrieta' zestalari izateko joan zen Floridara (AEB), eta 23 urte egin ditu han profesional modura. Orain, etxeko berotasunean erretiratuko da frontoietatik. Omenaldia eta agur partida astelehenean izango dira, urriak 7, 19:00etan. Bera eta Leke Urreistiren eta Zabalaren aurka lehiatuko dira.

Omenaldirako prest?
Bai. Prest nago, eta apur bat urduri ere bai. Ilusioa egiten dit. Iazko urrian, urte askoan etorri barik egon eta gero, Durangon izan nintzen. Lauko finala jokatu nuen eta Ezkurdiko frontoia goraino beteta ikusteak grina piztu zidan; Durangon erretirratzeko ilusioa sentitu nuen. Orain nire herrian erretiratuko naiz, lagunen aurrean. Horrek ilusioa eta urduritasuna sorrarazten dizkit aldi berean. 

Kostatu egin zaizu erretiratzeko erabakia hartzea?
44 urte ditut eta ezingo nuen askoz ere gehiago jokatu. Azkenengo urte bietan oso kide gazteekin jokatu dut eta asko disfrutatu dut. Belaunaldi gazte bat datorrela ikusi dut, nik besteko ilusioagaz jokatzen duena, bai AEBetan eta baita Euskal Herrian ere. Kirol profesionala uzteko une egokia dela esango nuke. Erretiratzeak pena ematen dit, baina pozik ikusten dut belaunaldi berriaren etorrera.  

23 urteko ibilbide profesionala izan da zurea. Zein momentu gogoangarri eramango duzu ibilbide horretatik?
AEBetan jokatzera, familiarengandik urruti zaude. Eta arrazoi horregaitik, han komunitate bat sortzen hasten zara. Azken urteotan 26-36 pilotari inguruko lagunartea izan dut ondoan, gehienak Euskal Herrikoak. Familia moduko bat osatu dugu. Egunero joaten ginen frontoira, data seinalatuetan elkarregaz egoten ginen, eta, horrenbestez, momentu berezi asko bizi duzu. Frontoitik kanpora, gehienak. Gainera, han jaio nintzen, aitak egindako ibilbideari jarraitu nion. Gero, berriro hona etorri nintzen, berriro hara joan... Hori guzti hori daramat barruan. Berriro jaioko banintz, zestalaria izango nintzateke.   

Eta ibilbide horri non eta Durangon emango diozu amaiera.
Sekula ere ez nuen pentsatu ibilbidea honela amaituko nuenik. Gazte-gaztea nintzela, hemen hasi nintzen jokatzen, eta gero joan nintzen AEBetara. Han jokatzeko ilusioa nuen. Gogoan dut 2004an Vecinos de Durango deituriko aldizkari batean elkarrizketatu nindutela. Zesta-puntak beheranzko joera zuela eta, gehienez ere beste bi urtez jokatuko nuela esan nuen elkarrizketa hartan. Ez nuen egundo ere imajinatuko 23 urtez jokatzera helduko nintzenik. Eta sekula ere ez nuen imajinatu Durangon erretiratuko nintzela. 

 

Eta hemendik aurrera?
Arrantzan ibili naiz gazte-gaztetik, aitakin eta hango pilotariekin eta. Ameriketan barku bat erosi nuen, eta nire kabuz arrantzan hasi nintzen, lagun batzuekin ikasi nuen, eta lizentzia atera dut gida bezala egiteko ere. Bi urte daramat neguan frontoian jokatzen, eta gero gida lez lan egiten. Hemendik aurrera, azarotik eta maiatzera arte jendea arrantzan eramaten arituko naiz. Udan Floridan ez da turista asko egoten, baina neguan iparraldeko estatuetako jende dezente etortzen da. Gustatuko litzaidake Euskal Herrira itzultzea ere, egunen batean. Urte asko daramat kanpoan. 

Egon zara aspaldian Durangoko jaietan? Faltan bota dituzu?
Iaz egon nintzen,ia hamabost urtez egon barik egon ostean. Udan askotan bisitatzen nuen Durango, baina inguruko jende asko ez nuen ikusten, opor garaia zelako. Iaz egon nintzen, eta jende askorekin egoteko, bazkaltzeko, parrandan irtetzeko aukera izan nuen. Ilusio handia egin zidan. Partidu garrantzitsuak daude, baita ere, eta horrek ere pozten nau. Iraila eta urria garai hona da Durango bisitatzeko

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!