Aitaren pausoei jarraituta, Iñigo Gorostola zestalari izateko joan zen Floridara (AEB), eta 23 urte egin ditu Dania Beach Jai Alai frontoian profesional modura, otsailean erretiratu zen arte. Orain urte bitik hona, ur-azaleko arrantza egiteko edo hondoko arrainak harrapatzeko irteerak antolatzen ditu. Azarotik maiatzera bitartean du lanik gehien. Kanada eta New York inguru hotzetatik jende asko joaten da Floridara, hango klimak erakarrita.
Itsasontzian arrantzan egiteko esperientzia eskaintzen duzu. Egunero irteten zara itsasora?
Astean lau-bost bider irteten naiz, bezeroekin zein neure kabuz. Asko gustatzen zait arrantza. Bezeroaren arabera, 4tik 8 ordura bitarteko irteerak egiten ditut. Batez ere, bisigua eta meroa arrantzatzen ditugu hondoko arrantzan, askotan arrezife-koraletan eta hondoraturiko itsasontzietan. Ez dugu hondoa ikusten, baina ontzia estrategikoki ainguratu behar da, arrainak pita eten ez dezan, eta hori erronka bat izaten da, arraina harrien azpian edo hondoraturiko itsasontzietan sartzen delako, defentsa modura. Marrazoak eta barrakudak ere harrapatzen ditugu. Bestalde, ur-azaleko arrantzan bela-arraina, hegalaburra, mahi mahi-a, berdela... arrantzatzen ditugu.
Marrazoa ere harrapatzen duzue.
Bai, baina kainaberagaz arrantzatzen dugu. Lagunekin cayoetara joaten gara inoiz, eta han snorkel egiten dugunean gertutik ikusten ditugu marrazoak. Arrain ikusgarria da, beldur apur bat ere ematen du, baina ez dut ezer egiten.
Munduko arrainik azkarrena arrantzatu duzu.
Bai. Polita da sailfish edo bela-arraina harrapatzea. Espektakularra da. Itzelezko jauziak egiten ditu eta oso abiadura arinean doa, baina niretzat meroa da dagoen arrainik bereziena: arrantzatzea beti da erronka, kariño berezia diot.
Gatxa izan da zesta-punta uztea?
Bai. Fisikoki ondo sentitzen naiz eta gozatu egiten dut frontoian. Baina gaur egun abendutik otsailera baino ez da jokatzen. Eta taldea oso gaztea da. Neu naiz zaharrena, askogaitik. Bada, aurten uztea erabaki dut. Zesta-punta kanpotik disfrutatuko dut orain.
Zer izan da zuretzat zesta-punta?
Dena. Aita puntista zen eta gaztetatik ikusi dut jokatzen. Euskal Herrian afizionatu mailan jokatu nuen eta Dania Beach Jai Alain 23 urte egin ditut. Sindikatuan ere egon nintzen, 15 bat urtez, eta frontoia zarratzean momentu gogorrak bizi genituen. Asko zor diot zesta-puntari. Dena dela, orain arrantzan jarduten dudan arren, beti egongo naiz zesta-puntari eta Dania Beach Jai Alai frontoiari lotuta. Ahal dudan guztietan lagunduko dut. Euskal Herrian nagoenean ere badut lotura frontoiagaz. Inoiz hara bizitzera banoa, badakit zesta-puntagaz lotuta egongo naizela, ziur.
Durangogaz lotura mantentzen duzu.
Bai, lotura estua. Han daude familia eta lagunak. Eurekin ez egotea da gehien igartzen dudana. Urtean birritan joaten naiz. Ekainean joango naiz berriro, 4-5 hilerako.
Floridan ikusteko leku bat?
Dania Beach, nire herria. Baina leku polit asko dago: Tampa, West Plam Beach, Miami, cayoak...