Durangoko II. Mendi Duatloiak hasiera emango dio Euskal Herriko zirkuituari zapatuan

Anboto 2024ko urr. 1a, 15:06

Durangoko mendi duatloiko antolatzaile eta babesleak gaur goizean Landako elkartegian egindako aurkezpenean.

Euskal Herriko zirkuituko mendi duatloia ez ezik, duatloi herrikoia eta umeentzakoa ere antolatuko dituzte.

Mendia, arineketa eta bizikleta. Hiru osagai horiek bakar batean uztartuko Mugarra Triatloi Taldeak, zapaturako antolatu duen Durangoko Mendi Duatloiaren bigarren aldian. Modalitateko espezialistak lehia gosez etorriko dira, Euskal Herriko zirkuituari hasiera emango dion proba delako.

Lasterketa 16:00etan hasiko da, Tabira parkean. Osatu beharreko distantziak hauek dira: 7 km korrika eta 16 km bizikletan. Tabirako eta Izurtzako antena inguruetatik ibiliko dira. Ibilbidean aldaketa txikiak daude iazko aldiagaz alderatuta. Esaterako, bai korrika eta bai bizikletan, asfalto zati bat mendi bide batekin ordezkatu dute. Iazkoa baino ibilbide laburtxoagoa da, baina baita erakargarriagoa ere.

Durangoko Mendi Duatloirako izen-ematea urriaren 4an amaituko da kirolprobak.com webgunean. MugarraTT-ko hainbat duatloilarik parte hartuko dute lasterketan. Iazko aldia Mugarra TTko Paul Bereziartuak irabazi zuen gizonetan eta Enara Oronozek emakumeetan.

Euskal Herriko mendi duatloi zirkuitia sei probek osatzen dute. Durangokoaren ostean honako hauek faltako dira: Kanpezu, urriaren 12an; Amasa, urriaren 19an; Aia, urriaren 26an ; Ibarra, azaroaren 16an; eta Aduna, azaroaren 23an. Euskal Herriko txapelak Aian banatuko dira. Iaz Durangoko mendi duatloian erabaki ziren.

Lasterketa herrikoia eta umeentzakoa

Dena ez espezialisten lehia izango. Gustuko duten denek mendi duatloiagaz gozatzeko aukera izango dute 12:30ean hasiko den lasterketa herrikoiagaz. Distantzia laburragoak eta eramangarriagoak ditu: 1,5 km korrika, 5,5 km bizikletan eta 1 km korrika. "Durangar denak parte hartzera gonbidatuta zaudete. Oso giro herrikoia egoten da eta distantziak egingarriak dira", adierazi MugarraTT-ko Paul Bereziartuak.

Zaletasuna sustatzeko ere baliatuko dute zapatuko hitzordua.11:00etatik aurrera umeen duatloiak antolatuko dituzte, 7 eta 14 urte arteko gaztetxoei bideratuta. Adin bakoitzak bere distantzia izango du.

Lasterketa bi hauetarako izen-ematea egunean bertan egin daiteke.

Esker ona laguntzaile eta boluntarioei

Azkenik, Bereziartuak eskerrak eman dizkie erakunde laguntzaileei eta babesleei; baita herriko dendei ere, helmugako hornidura punturako elikagaiak eta zozketetarako materiala emateagaitik. Horrez gainera, boluntarioen lana balorean jarri du. "Ekimen honen atzean lan boluntario handia dago eta denei euren lana eskertzen diet".

Durangoko Udaleko Iker Txertudik antolatzaileen lana goraipatu du. "Eskertzekoa da egin duzuen lana eta egun polita biziko dugula uste dut".

URRIAK 5 - ZAPATUA

  • 11:00 Umeen duatloia. Tabira parkean. Izen ematea, egunean bertan.
  • 12:30 Duatloi Herrikoia. Tabira parkean. Izen-ematea, egunean bertan.
  • 16:00 Durangoko II. Mendi Duatloia. Tabira parkean. Bakarka edo erreleboka.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!