MugarraTTk 20 urte beteko ditu datorren urtean. Hamarkada biko ibilbidean lorpen garrantzitsuak pilatu ditu eta ez gara garaikurrei buruz ari bakarrik: duatloien eta triatloien mundua Durangoko kirol esparruan txertatzea eta egonkortzea lortu du, hainbat belaunaldi sentimendu berean batu du eta harro egoteko moduko harrobia landu du. Horregaitik guztiagaitik, aurten eurek izango dute jaietako txupinazoa botatzeko ardura. Urriaren 12an, triatloi taldeko Jone Aizpurua, Lide Azueta, Iñigo Iraurgi eta Paul Bereziartua irtengo dira balkoira jaiei hasiera emateko. Eurez gainera, MugarraTTk izan dituen presidente guztiak ere izango dira bertan: Beñat López, Serafin Bereziartua, Elena Asenjo, Jose Manuel González eta Josu Barrutia. Barrutia da gaur egungo presidentea. MugarraTTko kideek jaien aurkezpeneko prentsaurrekoan adierazi zuten "ohore bat" dela txupinazoa botatzea.
Duatloi txapelketa
Baina txupinazoa bota aurretik, badituzte aurreragoko lanak. Zapatu honetan, egun osoan zehar, hainbat duatloi egingo dute: goizean, umeei eta afizioa dutenei zuzendurikoa, eta arratsaldean federatuena. Beste behin ere duatloiak Durangoko kaleak eta inguruak hartuko ditu, kirol honegazko zaletasuna lau haizeetara zabalduz.
Federatuen duatloia nobedadea da. Lehenengoz egingo dute. Duatloi herrikoia eta federatuena bereiztuz, bakoitzari bere espazioa eman gura diete. Federatuena 16:00etan hasiko da, Tabira parkean, eta goi-mailako parte hartzaileak izateko osagaiak ditu. Izan ere, Durangoko proba Euskal Herriko zirkuituko parte izango da, eta, gainera, Euskal Herriko txapeldunak erabakiko ditu. Ibilbideari dagokionez, parte hartzaileek zortzi kilometro egingo dituzte korrika, eta beste 21 bizikletan. Bidean "paisaia ederrekin" gozatzeko aukera dagoela azaldu du MugarraTTko Paul Bereziartuak: "Paisaiek egiten dute bereizgarri. Bai bizikletan eta baita korrikako zirkuituan ere. Ibilbidean zehar Mugarra, Untzillatx, Alluitz eta Anboto mendiak ikusten dira. Zirkuitu erakargarriak direla uste dugu".
Proba honek berezitasun bat du: bakarka nahiz erreleboka egin daiteke. Hau da, lana banatu egin daiteke: bat korrika eta beste bat bizikletan. "Bakarka egiteko gogor samarra izan daiteke batzuentzat, basoan korrika zein bizikletan ibiltzera ohituta egon behar duzu eta. Lanak banatuta, korrika ibili ohi denak horixe egingo du, eta berdin bizikletan ibili ohi denak ere. Jendea parte hartzera animatzeko ate gehiago zabaltzen ditu", adierazi du Bereziartuak.
Umeen duatloiak
Egun berean, baina goizean, Durangoko Duatloi Herrikoiak 17. aldia egingo du Tabira parkean. Umeen saioak 11:00etan hasiko dira eta adin tarteka banatuko dituzte: 8-9 urtekoak (200 metro korrika, 500 metro bizikletan eta 200 metro korrika), 10-11 urtekoak (500 metro-2 kilometro- 500 metro) eta 12-14 urtekoak (1 kilometro- 3 kilometro-500 metro). Izen ematea egunean bertan egin daiteke, 10:00etatik aurrera, probak hasi baino orduerdi lehenagora arte. Urtero legez, mimoz prestatzen duten ekimena da, Mugarra Triatloi Taldearen altxorrik preziatuena euren triatloi eskola eta harrobia direlako. "Atzetik datozenak dira gure oinarria. Apurka kirolari gustua hartzen joan daitezela gura dugu; gustua ez duatloiari edo triatloiari bakarrik, jarduera fisikoari baino orokorrean. Ume denak parte hartzera animatzen ditugu. Edonork egiteko moduko ibilbideak dira. Azken batean, ondo pasatzea da asmoa".
Gaur egun triatloi eskola "indartsu" dagoela dio Bereziartuak. "7 urtetik aurrerako 60 bat gazte ditugu guztira, eta gogotsu dabiltza".
Duatloi herrikoia
Umeen saioaren ondoren, 13:00etan, 14 urtetik gorakoen duatloi herrikoia hasiko da, Tabirako parkean. Parte hartzaileek 1,5 kilometro egingo dute korrika, 8,5 bizikletan, eta beste kilometro bat korrika. Urtero legez, kasu honetan ere zaletasuna dutenei euren gustuko kirola praktikatzeko aukera eskaintzea da helburua, eta horretara bideratu dute euren esfortzua. "Parte hartzen dutenek lasterketagaz gozatzea gura dugu. Arratsaldekoa Euskal Herriko txapelketa da, baina zapatuan egongo diren hiru lasterketei garrantzi berdina ematen diegu. Denek egun eder bat pasatzea gura dugu", azpimarratu du Bereziartuak.