Suizidioari buruzko narratiba aldatzeko deia

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 10a, 10:21

Irailak 10 ditu eta gaurkoa Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Eguna da. Durangoko Udalak kanpaina bat antolatu du suizidioaren gaia ikusarazteko. Kartelak jarri dituzte herriko hainbat puntutan, eta Durango Irratiak Psikologia Kalean egitasmoaren barruan Lorena Martin psikologo durangarrari egindako elkarrizketa emitituko du berriro.

Udaletik nabarmendu dutenez, "helburua da, ekimen ezberdinen bidez, gizarte solidarioagoa eta ulerkorragoa eraikitzea. Elkarlanean, suizidioaren prebentzioari lehentasuna eman diezaiokegu eta horrela, laguntza behar duenari iritsiko zaiola bermatu. Suizidioak denoi eragin diezaguke. Kontzientzia sortzean, estigma murriztean eta ekintza sustatzean, mundu osoan suizidio kasuak murrizten lagun dezakegu; isiltasunaren eta estigmaren kulturatik irekitasunaren, ulermenaren eta babesaren kulturara pasatzea da lortu nahi duguna".

Era berean, udalak gogoratu du Espainiako Osasun Ministerioak suizidioa prebenitzeko arreta telefonoa daukala indarrean. 024 zenbakia da. 

Gaia ikusarazteko deia

Hedabide honek Agustin Erkizia elkarrizketatu zuen 2022ko azaroan, Zaldibarren eskaini zuen berbaldi baten harira. Erkizia Biziraun elkarteko kidea da, suizidioak eragindako herritarren elkarteko kidea. Estigma deseraikitzera eta suizidioari buruz berba egitera deitu zituen herritarrak eta gizarte eragileak: "Suizidioari buruz berba egitea da suizidioaren prebentzioak aurrera egiteko bide bakarra". Honako datu hau ere eman zuen: "Euskal Autonomia Erkidegoan, bi egunetik behin herritar bat hiltzen da bere buruaz beste eginda". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!