Euskal Autonomia Erkidegoan, bi egunetik behin herritar bat hiltzen da bere buruaz beste eginda

Ekaitz Herrera 2022ko aza. 4a, 09:30

Biziraun elkarteko Agustin Erkiziak Zaldibarko Liburutegi Zaharrean eskaini zuen berbaldia, urriaren 24an.

Gaia hor dago eta datuak hor daude. Espainiako Suizidioaren Behatokiak 2020an egindako ikerketaren arabera, Espainiako estatuan suizidioa da naturala ez den heriotza kausa nagusia. Bere buruaz beste egindakoen heriotza kopurua trafiko istripuz hildakoena baino 2,7 bider handiagoa da. Adin tarteari dagokionez ere, bada datu esanguratsu bat: Espainiako estatuan suizidioa da 15etik 29 urtera bitarteko gazteen heriotza kausa nagusia, minbiziaren ondoren.

Kopuruak trafiko istripuen, intoxikazioen, itotzeen eta gura bako erorketen gainetik daude. Euskal Autonomia Erkidegoan, egun birik behin herritar bat hiltzen da bere buruaz beste eginda. 2021ean 148 kasu zenbatu zituzten. Datu hauek eskuetan, elkarteek gaiari buruz berba egitera deitu dute. Premisa honetan ipini dute abiapuntua: suizidioari buruz berbarik ez egiteak arazoa konpontzen ez badu, egin dezagun berba. 

Alde horretatik, Biziraun moduko elkarteek egiten duten lana giltzarria da gaia ikusgai egin eta suizidioak mindutako herritarrei laguntzeko. Elkarteak 60 bat bazkide ditu gaur egun, baina 100 baino gehiago dira dagoeneko bertara jo dutenak. "Suizidatzeko saiakera egin duten herritarrak etorri izan dira, baina suizidioak kolpatutako herritarrei laguntzen diegu gehienbat", azaldu du Agustin Erkiziak.  Elkartearen lan tresna nagusia elkar-laguntzarako taldeak dira. "Gurekin harremanetan ipintzen denari laguntzen diogu. Solasaldi bat izaten dugu lehenik, jakiteko zein galera izan duen eta galera hori noiz gertatu zen. Zein tratamendu daukan ere galdetzen diogu, emozionalki zelan dagoen jakiteko. Izan ere, elkar-laguntza talde batean sartu aurretik, ikusi behar dugu dolua apur bat aurreratuta dagoen ala heriotza horrek sorturiko zauria irekita dagoen. Zauria irekiegi badago, ez da gomendagarria elkar-laguntza talde batean sartzea, hor topatuko dituenak gogorregiak izan daitezkeelako. Aldiz, sartzeko moduan badago, elkar-laguntza talde batean sartzen dugu. Hilabeteroko maiztasunarekin batzen gara taldeka. Saioek ordu eta erdi, ordu bi inguru irauten dute. Talde bat Bilbon daukagu, eta Donostian bestea", azaldu du Erkiziak. Biziraunekin harremanetan jarri gura duenak info@biziraun.org helbide elektronikora idatzi dezake. Nafarroan Besarkada elkartea dago (info@besarkada-abrazo.org), eta Espainiako estatuak ere badu prebentziorako arreta zerbitzua (024 telefono zenbakia). Bestalde, Osakidetzak hainbat informazio eta prebentzio tresna du bere web orrian. Horretarako, Osasun Eskolari dagokion atalera jo behar da, eta handik Osasun Mentalari dagokion atala bilatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!