“Suizidioari buruz berba egitea da suizidioaren prebentzioak aurrera egiteko bide bakarra”

Ekaitz Herrera 2022ko aza. 4a, 09:30

Tabua, estigma, deserosotasuna. Suizidioak sentipen horiek sortu ditzake gizartean, baina Agustin Erkizia Olaizolak (Aizarnazabal, 1963) argi du suizidioari buruz berba egitea dela suizidioa prebenitzeko tresnarik eraginkorrena. Erkizia Biziraun elkarteko kide eta sortzaileetariko bat da. Elkartea berak eta bere bikotekide Eva Bilbao Garmendiak sortu zuten 2016 amaieran, suizidioak eragindako herritarrak batu eta haiei laguntzeko. Joan zen astean Zaldibarren egon zen berbaldia ematen. 

Biziraun elkarteak bere web orrian dio “isilarazitako errealitate bat argitara” atera gura duela. Horrela da? Suizidioa isilduriko errealitate bat da?
Bai. Suizidioaren errealitatea hor dago, baina bere inguruan oraindik ere estigma dagoenez, gaia ez dago gizartean behar bezala zabalduta. Iruditzen zaigu prozesu luze bat dela, ezin daitekeela egun batetik bestera aldatu. Alde horretatik, Zaldibarkoaren moduko egitasmoak pozgarriak dira, gaiari pixkanaka-pixkanaka heltzeko. Badakigu gai zaila dela, baina horrelako solasaldiek ondorio positiboak izaten dituzte. Gaiarekiko sentsibilizazioa lagungarria da.

Zaldibarkoaren moduko berbaldiak han-hemenka egiten dituzue. Zer esaten dizuete entzutera joaten diren herritarrek? 
Gaiarekiko ezjakintasun handia dagoenez, datuak bistaratzen ditugunean jendea nahiko kezkatuta geratu ohi da. Suizidioa uste baino zabalago dagoela ikusten dute. 

Suizidioa uste baino zabalago dagoela diozu. Badago estatistikarik?
Bai. Euskal Autonomia Erkidegoan, bi egunetik behin herritar bat hiltzen da bere buruaz beste eginda. Datu esanguratsua da. Horrez gainera, nork bere buruaz beste egiteko saiakerak daude. Euskal Autonomia Erkidegoan, hamar suizidio saiakera egoten dira egunero. Eta badago kontuan hartu beharreko beste datu bat ere. Bere buruaz beste egiten duen pertsona bakoitzak beste sei pertsona uzten ditu behea jota. Minduta, kaltetuta irteten diren pertsonak dira. Hori ere errealitate gordina da, eta aurre egin behar diogu. 

Horrenbestez, datuek argi uzten dute beharrezkoa dela gaia ikusgai egitea.
Bai. Gaia konplexua da, ez dugu miraririk egingo. Baina orain arte gauza gutxi egin da prebentzioaren inguruan. Eta orain, neurri batean, horren ondorioak pairatzen ari gara. Datuek ez dute behera egiten. Beraz, har dezagun kontrako bidea. Has gaitezen zerbait egiten. Eta zerbait horretan, egia da gauza batzuk apurka-apurka egiten ari direla. Ez guk nahiko genukeen abiaduran, baina egiten dira. 2019ko ekainean, adibidez, estrategia bat onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoan. Osasun Sailak ikastetxeetarako estrategia bat ere aurkeztu du. Gauza batzuk badira. Astiro bada ere, aurrera goaz. 

Gaiari buruz berba egitea, beraz, onuragarria izan daiteke? Berba egiten hasi behar dugu?
Dudarik gabe. Hitz egiten ez dena, bestela, ez delako existitzen. Hori edozein gairekin gertatzen da, eta horren lekuko dira gizarteko beste hainbat arlotan egindako aurrerapausoak. Hiesaren inguruan, minbiziaren inguruan, indarkeria matxistaren inguruan... osasun mentalaren arloak estigma izaten jarraitzen du oraindik ere, baina aurrera egiten gabiltza pixkanaka. Gai gogorrak diren arren, hitz egitea da aurrera egiteko bide bakarra. Are gehiago esango nuke. Isiltasuna da suizidioak duen mediorik hoberena bereak eta bi egiteko. 

Zeintzuk dira suizidioak mindutako senide eta lagunei gailentzen zaizkien sentipen nagusiak?
Sentimendu asko dago. Gogorrenetarikoa erruduntasun sentipena da. Pertsona batek bere gorabeherak izan ditzakeen arren, nekez aurreikusten dugu bere bizitzari amaiera emango diola. Bat-batean harturiko erabaki horrek, baina, ustekabean harrapatzen gaitu. Ustekabe horrek hutsune bat sortzen digu. Eta hutsune horrek erruduntasun sentipena dakar, besteak beste: zelan ez dut halakorik aurreikusi? Hor gure buruari tranpa egiten diogu. Bi denbora-tarte nahasten ditugulako. Oraina eta iragana. Zer gertatuko zen jakin izan bagenu beste portaera bat izango genuela uste dugu orainaldian. Baina iraganean iraganeko datuak genituen eta, horrenbestez, bestelako portaera bat genuen. Bi plano horiek bereizten ikasi behar izaten dugu. 

Bestelako sentipenik izaten duzue?
Bai, bai. Suizidioak, estigma denez, bakardadea dakar. Gizarteak lagundu nahi du, baina ez daki zelan. Suizidioak mindutako herritar askok aurreko egoerara itzuli gura du, baina hori ezinezkoa da kasu askotan. Zuretzat hain garrantzitsua den baten bat betirako joan delako, gainera, era hain berezi horretan. Beste heriotzak, bat-batean joaten direnenak ere oso gogorrak dira, baina ez dute estigma hori. Suizidioak minduta bazaude, epaitua bezala sentitzen zara. Gure kasuan, “nola arraio ez zara jabetu semeak halakorik egingo zuela?” sentituz bezala. Galdetu izan didate halakorik kalean. “Ez zineten konturatu?”. Bizitza normal baten logikatik egiten diren galderak dira, orain ulertzen ditudanak. Baina horrelako zerbait jasaten duzunean, oso mingarria da arduragabekeria moduko bat leporatzen dizutela sentitzea. Beraz, bakardadea, epaia, sentitzen dituzu. Gero, haserreak ere badira. Joan berri denarekin haserretzen zara. Berari leporatzen diozu zure bakardadearen errua. Horiek guztiak suizidioaren doluaren zati dira.

Zelan lagundu dakieke suizidioak minduta geratu diren senide, gertuko eta lagunei?
Gauzarik konplikatuenak erarik sinpleenean konpontzen saiatu gaitezke. Guk eskertzen duguna da gure inguruan baten bat egotea. Eta nahikoa da pertsona bat. Hau da, inguratu gaitezen pertsonez. Lehen esan dut gure sentimendu nagusietako bat bakardadea dela, epaitua sentitzea. Eta horren ondorioz gure burua isolatzeko joera hartzen dugu. Beraz, inguratu gaitezen guri entzuteko prest daudenez, gure negarrak epairik gabe eta aholkurik gabe entzuteko prest daudenez. Hori oso inportantea da guretzat. Horrelako zerbait gertatu zaionari, galdetu, esan zelan dagoen, eta negar egin gura badu, ez aldendu. Entzuketa aktiboa egin.

Eta zelan hasi gaitezke suizidioa prebenitzen?
Hau guztia bat-batean aldatzea ezinezkoa da. Denbora asko behar du, baina badira abiapuntuak. Osasun mentalak, istripuek,... euren nazioarteko egunak dituzte. Eta suizidiorako prebentzioa lantzeko estrategia egin zenean, erakunde publikoei eskatu genien irailaren 10a, Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Eguna ere lantzen hasteko. Gaia ikusarazten hasteko eta errealitatearen berri emateko. Dena dela, hau oso konplikatua da. Ez dezagun uste hau Osasun Sailaren ardura denik. Bestalde, prebentzio lana ere bada gai honi buruz lagunartean, familian, auzo-elkartean hitz egitea. Orain arteko bidetik, ez hitz egitetik, ez goaz inora. Urratsak eman behar ditugu solasaldien bidez gaia lantzen, hezkuntzan sartzen. Eta gero, goibel dagoen zure lagun bati laguntzeko ez duzu aditua izan beharrik. Lagun ona bazara, osasun zerbitzuei baino lehenago esango dizu zuri zer duen. Bere buruaz beste egiten duen %30 bakarrik joan izan da osasun zerbitzuetara.

Kazetariok zein erantzukizun dugu suizidioari buruzko informazioa gizarteratzeko orduan? 
Tentuz jokatu behar da, egia ezkutatu gabe, baina lagungarriak ez diren informazioak alboratuta. Inoiz argazkiak argitaratu izan dira. Horiek ez dute laguntzen. Beste hainbatetan bere buruaz beste zelan egin duen argitaratu izan da. Horrek ere ez du laguntzen. Albiste den pertsona esanguratsuren bat suizidio bidez hil dela jaso gura badugu, esan dezagun suizidio bidez hil dela. Minbiziak jota edo beste gaitzen batek jota izan dela esaten dugun bezala. Bestalde, gauza garbi ez badago, ez nuke informaziorik emango. 

Suizidioa albiste egiteak imitaziozko jokabide bat sortu dezake?
Informazioa morboarekin lantzen bada, horretarako arriskua egon daiteke. Robin Williams aktoreak bere buruaz beste egin zuenean, hedabideek zelan egin zuen kontatu zuten. Ez zuten aktoreak barruan zuen sufrimendurik landu. Zelan egin zuen argitaratu zuten. Horren ondorioa izan zen bere buruaz beste era horretan egin zutenen kopurua %30 igo zela. Kili-kolo dabilen bati bere buruaz beste zelan egin dezakeen adierazteak erabakia hartzera bultzatu dezake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!