Postetxe zaharra birgaitzeko dirulaguntzari uko egin diote, eskatutako baldintzak betetzea "ezinezkoa delako"

Ekaitz Herrera 2024ko mar. 20a, 19:48

Gobernu taldeak dirulaguntzari "uko egin behar izan" dion arren, ez dio aterik zarratu kultur etxe bat sortzeko proiektuari. Pinondo Etxean ipini dute begirada, eraikina atzera ere birgaitzeko aukera mahai gainean ipinita. Postetxe zaharrari dagokionez, eraikina botatzea eta udal plaza handitzea aurreikusi dute.

Postetxe zaharra kultur etxe bihurtzeko proiektuak bira berri bat izan du gaur. Durangoko gobernu taldeak "uko egin behar izan dio" eraikina birgaitzeko dirulaguntzari, bete beharreko baldintzak eta epeak konplitzea "ezinezkoa dela-eta". Erabakia "bideragarritasun azterketa sakona" egin ostean, "agintari eskudunekin kontsultak egin ondoren" eta kontrakotasuna adierazten duen "Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena" aztertuta hartu dute.

Sara Oceja zinegotziak eman du erabakiaren berri, iluntze honetan egindako osoko bilkuran. Arrazoitu duenez, "eraikina hiri antolamendutik kanpo dago, jatorrizko eraikinaren diskordantziak ebatzi barik daude, eta Durangoko Hirigune Historikoaren dekretuan ezarritako baldintzetako batzuk ez dira betetzen". Horrez gainera, epeari lotutako arrazoiak azaldu ditu: "Ez du astirik ematen dirulaguntzaren epea betetzeko. Izan ere, horretarako Plan Berezia aldatu eta berria onartu beharko litzateke, martxan zegoen proiektua aldatu, berria idatzi, obrak lizitatu", esan du Ocejak. Proiektua salbatzeko "ahaleginak" egin dituzten arren, "egoerak aurrera egitea eragotzi" die.

Pinondo Etxera begira

Edozelan ere, gobernu taldeak argitu du dirulaguntzari "uko egin behar" izan dioten arren, ez diotela aterik zarratu herrian kultur etxe bat sortzeko ideiari. Pinondo Etxea birgaitzeko eta bertan kultur jarduerak garatzeko aukera ipini dute mahai gainean: "Eraikina birgaitzeko baliabide ekonomikoak aztertuko ditugu. Birgaitze hori ez da berehalakoan iritsiko, baina beharrezkoak diren finantzaketa bideak topatuko ditugu". Eta postetxe zaharragaz zer gertatuko den? Bada, behin-betiko erabakirik ez dago momentuz, baina gobernu taldeak Correos zaharra botatzeko eta udal plaza handitzeko aukera plazaratu du.

2022ko azarotik hona 

Postetxe zaharra kultur etxe bihurtzeko asmoak 2022ko azarokoak dira. Espainiako diputatuen kongresuko EH Bilduk 1,5 milioi euroko dirulaguntza adostu zuen Madrilgo gobernuagaz. Iazko otsailean proiektua izapidetzeko pausoak eman, eta proiektua idatzi ahal izateko aurrekontua kuantifikatu zituzten. 

Mireia Elkoroiribe alkatearen iritziz, proiektua gauzatzeko "ezintasuna"  aurreko gobernu taldeak "presaka harturiko erabakiei" eta "EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen aurreikuspen faltari" zor zaie. Bestalde,  "kulturarekin eta hiri-garapenarekin daukan konpromisoa" berretsi du, proiektuak herriaren egungo beharretara eta egoeretara egokituko direla" ziurtatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!