Postetxe zaharra Kultur Etxe bihurtzeko izapideak egiten hasi dira

Anboto 2023ko ots. 21a, 10:21

Espainiako Kultura eta Kirol ministerioa Durangoko Udalagaz hartu emanetan ipini da 1,5 milioi euroko diru laguntza emateko. Udalak datozen egunetan aterako du lehiaketa publikora Kultur Etxe berriaren proiektua idazteko prozesua.

Durangoko Udala postetxe zaharra herriko "lehen Kultur Etxe" bihurtzeko pausoak ematen hasi da. Udal iturriek jakinarazi dutenez, Espainiako Kultura eta Kirol ministerioa herriko agintariekin hartu emanetan ipini da, 1,5 milioi euroko diru laguntza izapidetzen hasteko. Horrez gainera, Udalak adierazi du "datozen egunetan" aterako duela lehiaketa publikora, azpiegitura berria idazteko prozesua eta obraren zuzendaritza. 75.000 euroan lizitatuko dute proiektuaren idazketa. Obra idazteko prozesua lehiaketa publikora aurkezten denean, enpresek hilabeteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Behin esleituta, enpresa irabazleak sei hilabete izango ditu obra idazteko.

Durangoko Udalak Kultur Etxe berriaren aurreproiektu bat idatzi zuen 2020an. Aurreproiektu horren arabera, azpiegiturak hiru fatxada eta sarbide bi izango lituzke. Bata udal plazatik eta bestea Artekaletik. Eraikinak soto bat, lau solairu eta teilatupea. Solairu bakoitzaren azalera 133 metro karratukoa da. Gobernu taldeko kideen arabera, Durangok "hutsune bat" izan du kultur instalazioei dagokienez, eta proiektu honek "elkarteentzako eta eragileentzako" azpiegitura bat izatea gura du. "Eraikin hau berreskuratzea albiste bikaina da", adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Jorge Varela zinegotziak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!