Airearen kalitatea

Airearen kalitatearen plana amaitutzat eman dute Durangon, bentzeno maila "nabarmen" murriztu dela eta

Anboto 2024ko mar. 13a, 15:59

Durangoko Udalak emaniko datuen arabera, iaz herriko eguratsean batez beste kontzentratutako bentzeno maila 1,12 mikrogramokoa izan zen metro kubiko bakoitzeko. Adierazle hori bera 5,75ean kokatu zen 2021ean, legezko mugaren gainetik.

Durangoko Udalak amaitutzat eman du indarrean egoniko Airearen Kalitatearen Ekintza Plana, herriko eguratseko bentzeno maila "nabarmen" murriztu dela iritzita. Plana "arrakastaz" gauzatu dela gaineratu du, "osasun publikoaren hobekuntzan aurrerapen handia egin dela agerian utziz". Udal iturriek zabaldutako datuen arabera, 2023an herriko eguratsean batez beste kontzentratutako bentzeno maila 1,12 mikrogramokoa izan zen metro kubiko bakoitzeko. Adierazle hori bera 5,75ean kokatu zen 2021ean, legeak ezarritako mugaren gainetik. (Europar Batasunak metro kubikoko 5 mikrogramotan du ezarria gehienezko muga).

"Gaur egun, San Roke inguruko airearen kalitate-parametro guztiek modu lasaian betetzen dute dagoen ingurumen-araudi zorrotza, bereziki, bentzenoaren parametroa", esan du udalak. Udalerrian airearen kalitatea neurtzeko estazio finko bakarra dago. San Roken dago, Zabalarra eskolan. Etorkizunera begira airearen kalitatea "zaintzen eta hobetzen jarraitzeko konpromisoa" hartu du udalak. Eusko Jaurlaritzari informazio ireki bat antolatzeko eskatu dio, "lortutako emaitzak partekatzeko eta ekintza bide berriak aztertzeko". Laster iragarriko dute ekitaldi horren data.

Soka luzea duen kezka

Airearen kalitateari buruzko kezkak soka luzea du Durangon. 2017ko abenduan, adibidez, Fumbarrik gai kutsakorrak isuri zituela egiaztatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Legeak baimenduriko mugak ez ziren gainditu, baina gainerako estazioekin alderatuta, Durangon kutsadura indize altuagoa detektatu zela onartu zuen garai hartako Elena Moreno ingurumen sailburuordeak.

Kezkak bira berri bat eman zuen 2020ko irailean, Durangoko Udalak Tecnaliari enkargaturiko azterlanean "bentzeno piko oso altuak" jaso zirenean. Handik urte bira, Arantxa Tapia sailburuak Durangoko eta eskualdeko airearen kalitateari buruzko azalpenak eman zituen Eusko Legebiltzarrean. Tapiak onartu zuen Durangon bazegoela osasun arauak baimenduutako bentzeno kopurua gainditzen zen puntu bat. Fumbarri enpresa zen puntu hori. Ondorio horretara fundizioaren bueltan unitate mugikorrak ipinita iritsi ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!