Airearen kalitatea

Bentzeno mailak Fumbarri aurrean bakarrik gainditzen direla adierazi du Arantxa Tapiak

Ekaitz Herrera 2022ko mai. 10a, 18:51

Sailburuak adierazi duenez, osasun arauek baimenduriko bentzeno kopurua fundizioa dagoen toki horretan gainditzen da, baina ez handik gertuko etxebizitzetan eta kaleetan (Aramotz auzoa, Askatasun Etorbidearen bukaera, San Roke kalea, Bustintza kalea).

Arantxa Tapia sailburuak Durangoko eta Durangaldeko airearen kalitateari buruzko azalpenak eman ditu gaur Eusko Legebiltzarrean. Mikel Otero (EH Bildu) eta Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos - Ezker Batua) legebiltzarkideek eskatu dute haren agerraldia, Durangoko Udalaren eskarietan oinarrituta. Tapiak adierazi duenez udalerriko airearen kalitateak "ondo" betetzen ditu osasun arauek eskatutako parametroak: "Airearen kalitatea ez da txarra; justu kontrakoa", esan du goiz honetan.

Dena den, Tapiak onartu du Durangon badagoela osasun arauak baimendutako bentzeno kopurua gainditzen den puntu bat. Fumbarri enpresa da hori. Jaurlaritzak airearen kalitatea neurtzeko azterketa egin zuen 2021ean zehar. Lan horretarako Unitate Mugikorrak ipini zituen fundizioaren bueltako hainbat puntutan, eta ikerketa hartatik ondorioztatu dutenez, fundizio inguruan detektatutako bentzeno kopurua metro kubikoko 5,75 mikrogramotan kokatu zen, 2021ean, batez beste. Hau da, arauak baimenduriko 5 mikrogramoen mugaren gainetik.

"Osasuna ziurtatuta dago etxebizitzetan"

Sailburuak dio bentzeno muga hori "leku puntual batean" gainditzen dela, enpresaren inguruan, baina adierazi du arazoa ez dela haren inguruko etxebizitzetara eta kaleetara ailegatzen: "Enpresaren gertuko puntuetan neurriak gainditzen dira, baina ez dira etxebizitza guneetara zabaltzen", esan du. Izan ere,  Fumbarri enpresaren atarian egindakoaz gainera, Jaurlaritzak beste hainbat neurketa egin zituen han inguruan: Askatasun Etorbideak Aramotz auzoarekin bat egiten duen puntuan, Bustintza kalean (Fumbarri pareko etxebizitza granateetan) eta San Roken. Hiru puntu horietan egindako neurketek adierazi dute bentzenoa baimendutako mugaren azpitik egon dela 2021ean. Askatasun Etorbideak Aramotz auzoarekin bat egiten duen puntuan 1,07koa zen metro kubikoko bentzeno kopurua. 104 neurketa egin zituzten. Fumbarritik gertuen dagoen etxebizitza blokean, berriz (Bustintza kaleko etxebizitza granateetan), bentzeno batez bestekoa 0,83 mikrogramotan egon zen. 96 neurketa egin zituzten urte osoan zehar. "Osasuna ziurtatuta dago Durangon", Tapiaren berbetan. "Honek ez du esan nahi enpresan arazoak ez daudenik eta neurriak hartu behar ez direnik, baina osasuna ziurtatuta dago etxebizitzetan", esan du.

Adierazpen "urriak"

Durangoko Udalak sailburuaren berbak baloratu ditu. Euren esanetan "urriak" izan dira azalpenak. "Eusko Jaurlaritza eskualdeko airearen kalitatearen arazoa puntu eta enpresa bakar batera mugatzen saiatzen ari da berriro, gainerako foku posibleak alde batera utzita", kritikatu du udalak.

Tecnaliak udalarentzat egindako usain txarren ikerketak jaso zuenez, bentzeno pikoak herriko beste hainbat puntutan detektatu ziren. Aramotz auzotik urruti. Juan Mari Altuna kalean 700 mikrogramoko eta 100 mikrogramoko bentzeno pikoak erregistratu ziren 2019ko bi egunetan, urrian eta abenduan. "Ikusten dugu ez dutela arazoaren muinera jo nahi; izan ere, beren azterketek adierazten dute bentzenoaren batez bestekoa bere legeak baimentzen duena baino altuagoa izan dela", gaineratu dute.

Detektagailuak, "matxuratuta"

Elkarrekin Podemos - Ezker Batuak ere balorazioa egin du. Miren Gorrotxategi bozeramailearen iritziz “harrigarria da airearen kalitatearen neurgailu bakarra egotea, San Roke kalean, txostenen arabera hainbat industria eta gune aipatzen direnean". “Jakina, dauden neurgailuen kopurua ez da nahikoa, baina, gainera, dagoen neurgailu bakarrean, Eusko Jaurlaritzaren webgunean kontsultatzean, alerta-seinale batek salto egiten du, honako hau adieraziz: «Ez dago PM 2,5 eta PM10en daturik, analizatzailean matxura bat dagoelako», eta badirudi apirilaren 8tik daramala matxuratuta”, adierazi du Gorrotxategik.

Koalizioko bozeramaileak airearen kalitatearen "gardentasun falta" salatu du, ez
bakarrik Durangokoa eta bere eskualdekoa, baita Autonomia Erkidegokoa ere: “Ez ditugu industria kutsatzaileen denbora errealeko emisio datuak, inmisio neurgailu gutxi ditugu
hirietan, eta, gainera matxurak ere bai”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!