Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi emakumeen Winter Serieseko finalera sailkatu dira

Anboto 2024ko ots. 27a, 09:48

Helena Barrenetxea zaleak agurtzen partidu amaieran. (Argazkia: Eraman)

Emozio handiko finalerdia jokatu zuten bikote biek.

Atzo emakumeen Winters Serieseko lehenengo finalerdia jokatu zuten Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. 500 ikusle batu ziren frontoira, antolatzaileen arabera. Lau protagonistek norgehiagoka oso lehiatua eta borrokatua jokatu zuten. Azkenean Helena Barrenetxea durangarra eta Arai Lejardi markinarra sailkatu ziren finalerako. Jokatutako set biak irabazi zituzten Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarraren eta Frida Watkins zumaiarraren kontra: 15-14, 15-12.

Galtzaileek hobeto hasi zuten partidua. 0-4 aurretik jarri ziren. Bikote marroiak atzetik aurrerako bidea egin zuen: 8-9 / 10-11 / 14-11. Aurkariek ez zuten etsi eta 14na berdindu zuten partidua. Etxeko pilotariak, Helena Barrenetxeak egin zuen seta erabaki zuen tantoa.

Bigarren setean beti aurretik joan ziren irabazleak, baina alde txikiarekin: 7-4 / 9-7 / 9-9 / 12-10. Barrenetxea inspiratuta zebilen. Horren adibide dira marroien 12. tantoa durangarraren bi-hormako eder bati esker eta, 14. tantoa, errebotea bikain bilatuz. Partiduko azken tantoa Lejardik egin zuen.

Gizonen banakako seriesean, lapurtarren arteko partidan, Johan Sorozabal nagusitu zitzaion Ludovic Laduchi: 12-10 eta 12-3.

Hurrengo jardunaldia

Bigarren finalerdiak datorren astelehen arratsaldean jokatuko dituzte. Emakumeetan Elaia Gogenolak eta Naroa Merinok Erika Mugartegiren eta Maialen Aldazabalen aurka jokatuko dute. Merinok Ihart Arakistain ordezkatuko du, azken hori ez dagoelako jokatzeko moduan, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Merino tolosarra da eta 18 urte ditu. Gizonetan Erkiaga Lekerikaren aurka ariko da. 

Sarrerak Eraman Jai Alairen webgunean erosi daitezke.

Barrenetxeari ez zitzaion animorik falta izan bere sorterrian jokatutako partiduan. (Eraman)

Giro bikaina izan zen harmailetan. (Eraman)

Partiduan zehar tanto ederrak egin zituen Barrenetxeak. (Eraman)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!