Erika Mugartegik eta Maialen Aldazabalek Euskotren Winter Serieseko finala errepikatuko dute

Anboto 2024ko mar. 5a, 09:50
Erika Mugartegi atzoko finalerdian. (Argazkia: Eraman)

Iazko moduan, txapela jantzeko hautagaiak izango dira datorren asteleheneko finalean. Atzoko finalerdian Elaia Gogenola eta Naroa Merino kanporatu zituzten.

Atzo Euskotren Winter Serieseko bigarren finalerdiak jokatu ziren lepo betetako Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Erika Mugartegi markinarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra nagusitasunez sailkatu ziren finalerako jokatutako bi jokoak irabazita.

Mugartegik bizi mugitu zuen pilota eskuinez zein errebesez. Aldazabalek, aldiz, ez ez zuen ia hutsik egin eta aukera zuenetan pilota gaiztoak jarri zituen. Horrela,  lehenengo setean, seinako berdinketaren ostean, ia zuzenean joan ziren 15era: 15-7.

Bigarren jokoa lehenengoa baino estuagoa izan zen. Merino tolosarra atzean seguru aritu zen eta marroiek ez zuten markagailua hautsi. Egoera horretan, tanto ederrak egin zituen Gogenolak, sahietsetik txokoan errematatuta. Baina Mugartegi ere ez zen gutxiago eta hainbat tanto amaitu zituen txapagainean moztuta nahiz errebesez egindako bi hormakoekin. Partida emozioz beteta iritsi zen azken txanpara. 13-12 zihoala Merinok pilota oso zaila sartu zuen zestan, baina epaileak falta adierazi zuen, pilota ukitu zuela adieraziz. Errepikapenean oker zebilela ikusi zen. Kontuak kontu tantoa marroientzat izan zen: 14-12.  Hurrengo tantoan amaitu zen partidua: 15-12.

Gizonezkoen Banakako Seriesean, 12-3 eta 12-5 gailendu zen Aritz Erkiaga, Unai Lekerikaren aurka.

Finalak astelehenean

Finalak datorren astelehenean —martxoak 11— jokatuko dira. Emakumeetan Helena Barrenetxea durangarrak eta Arai Lejardik Erika Mugartegiren eta Maialen Aldazabalen kontra jokatuko dute. Gizonetan Aritz Erkiagak eta Johan Sorozabalek neurtuko dituzte indarrak.

Sarrerak Eraman Jai Alairen webgunean eskuratu daitezke.

Bete egin zen Ezkurdi Jai Alai pilotalekua. (Argazkia: Eraman)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!