Durangoko Ezkurdi Jai-Alai pilotalekua zesta-puntaren erdigune bihurtuko da datozen bi astelehenetan. Iazko arrakastaren ondoren, emakumeen Euskotren Women Winter Series txapelketaren aldi berri bat hartuko du. Otsailaren 26an eta martxoaren 4an finalerdiak jokatuko dira, eta martxoaren 11n finala. Jaialdi horien barruan, gizonen buruz buruko seriesa ere jokatuko da, goi mailakoak diren lau zestalarigaz. Jaialdi guztiak 19:00etan hasiko dira eta 22:15etik aurrera ETBk eskainiko ditu.
Datorren asteleheneko lehenengo finalerdian, Helena Barrenetxea durangarrak eta Arai Lejardi markinarrak Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarraren eta Frida Watkins zumaiarraren kontra jokatuko dute. Beraz, Barrenetxeak gaur egungo zestalaririk onenetarikoa izango du bikotekide. Lejardi Winter Serieseko eta buruz buruko egungo txapelduna da. "Finalerdia gogorra izango da. Argi dugu. Araik eta biok torneoak elkarrekin jokatutakoak gara, baina txapelketa garrantzitsua da eta lan ona egin gura dugu. Elkarrekin entrenamendu batzuk egingo ditugu", adierazi du Barrenetxea durangarrak gaurko aurkezpenean. Gizonen buruz burukoan, bestalde, Johan Sorozabalek eta Ludovic Laduchek neurtuko dituzte indarrak datorren astelehenean.
Bigarren finalerdian, Erika Mugartegi markinarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra Ihart Arakistain sopeloztarraren eta Elaia Gogenola berriatuarraren aurka ariko dira. Elaia Gogenola gazteak —2007an jaio zen— Eneritz Lejardi ordezkatuko du txapelketan. Izan ere, atzelari gipuzkoarrak haustura du eskumako belauneko lotailu gurutzatuan, eta aurreikuspenen arabera urte erdian egongo da kantxetatik kanpora. Horrez gainera, aipatzekoa da Ihart Arakistainek atzean jokatuko duela, aurrelaria den arren. Izan ere, Eraman! Jai Alai enpresak bost aurrelari eta hiru atzelari aukeratu ditu eta Arakistain atzean ipini dute, maila eman dezakeela uste dutelako. Maila ona ematen badu, aurrera begira aukerak zabalduko zaizkio, aurrelari zein atzelari jokatzeko. Gizonetan, Aritz Erkiagak Unai Lekerikaren kontra jokatuko du.
Sarrerak
Txapelketarako sarrera eta bonuak dagoeneko eskuragai daude www.eramanjaialai.com webgunean. Jaialdi guztiak ikusteko bonua 30 euro da.
Euskotren babesle
Euskotren aurtengo txapelketaren babeslea izango da. Horrela, emakumeen kirola sustatzen orain arte egindako lanari —traineruen emakumeen liga, Donostiako IDK saskibaloi taldea…— jarraipena emango dio. "Euskotrenentzat plazerra da winters series-eko aldi hau babestea", adierazi du Euskotreneko zuzendari nagusia den Javier Seoanek.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak nabarmendu du emakumeen zesta-punta "izugarrizko ibilbidea" egiten ari dela eta "oso pozik" daudela ibilbide horretan parte hartzeagaitik. "Guretzat garrantzitsua da gure gazteek kirolak eta, batez ere, emakumeen kirolak dituen balioekin bat egitea".