“Ikusten ez den biolentzia da umeen kirol esparruko biolentzia motarik arriskutsuena eta konplexuena”

Joseba Derteano 2024ko ots. 23a, 09:16

Iñaki Alonso (Barakaldo, 1974) futbol jokalaria eta entrenatzailea izan zen eta ondo ezagutzen du kirol mundua barrutik. Gaur egun mundu horri lotuta jarraitzen du, baina beste modu batera: umeentzat kirol eremu seguruak sortzeko lanean dabil, Kunina Sports and Education enpresaren bitartez. Iazko urte amaieratik, umeen kontrako biolentziaren prebentziorako Europako Kontseiluko adituen taldeko partaidea ere bada. Durangoko Udalak abiatutako egitasmoak hamar hilabeteko iraupena izango du eta Alonso aholkularia izango da.

Zeintzuk dira egitasmo honen aurrekariak?
2021ean, haurrak eta nerabeak biolentzia mota ororen kontra babesten dituen lege organikoa onartu zuten, eta kirol munduari ere eragiten dio. Hauxe da kontua: federazioak edo klub profesionalak ez direnak, hau da,  klub edo herri txikiak, erantzukizun honetatik urrunago sentitu daitezke. Baina errealitatea da denentzat dituela inplikazioak. Azken batean, udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak. Ikuspuntu horretatik begi bat gai honetan ipini behar da, eta horixe da egitasmo honen helburua. Herriko agente edo entitateentzat atea zabalik duen egitasmoa da. Ildo horretatik, zoragarria litzateke herriko kirol elkarte guztiek parte hartuko balute.

Kirol munduko esparru guztietara heldu gura duen egitasmoa da?
Bai. Udalek hainbat bidetatik dute hartu-emana kirolagaz eta kirola praktikatzen dutenekin. Esaterako, kirol azpiegituren bitartez: igerilekua, udal eskolak, kirol instalakuntzak, gimnasioa… Bai, gimnasioa ere bai. "Baina umeak ez dira gimnasiora joaten", esan zidaten aurreko batean. Bai, joaten dira, eta 18 urtera arte adintxikikoak dira. Hartu-emanen beste hanka bat kirol elkarteak dira, sarritan udaleko azpiegiturak erabiltzen, diru laguntzak jasotzen eta lankidetza hitzarmenak sinatzen dituztelako. Durangon mugimendu handia dago eremu horretan. 

Gatx da zer den biolentzia eta zer ez bereiztea?
Lehenengo eta behin, biolentzia zer den definitu behar genuke. Normalean, kirol esparruko biolentziari buruz gabiltzanean, burura etortzen zaigun lehenengo irudia borrokarena edo liskarrena da; hau da, eraso fisiko bat. Hemen umeek euren artean izaten dituztenak ere sartzen dira, jakina. Burura etortzen den beste ohiko irudi bat eraso sexualarena da. Baina eraso fisikotik kanpoko biolentzia motak ere badaude: biolentzia portaera jakin bat ere izan daiteke, eta ume bati adierazteko duen askatasuna mugatzea ere biolentzia izan daiteke.

Hau da, biolentzia mota guztiak ez dira hain agerikoak.
Hori da. Adibide bategaz azalduko dizut. Ni futbolaria izana naiz, atzelari postuan. Defentsa lanetan errazagoa zitzaidan aurretik zetorrena zaintzea. Horregaitik, aurrelariak atzelariei bizkarra hartzen ahalegintzen ziren, lana zailtzeko. Aurretik datorrena ikustea erraza da. Atzetik datorrena, ostera, ez da ikusten eta arriskuaz abisatuko dizun taldekideren bat behar duzu. Umeen kontrako biolentzian antzekoa gertatzen da: biolentzia mota bat ikusi egiten da, agerikoa da, baina benetan arriskutsua dena ikusten ez den biolentzia da. Ikusten den arte inork ere ez duelako neurririk hartzen. Horregaitik, berriro diot, ikusten ez den biolentzia da umeen kirol esparruko biolentzia motarik arriskutsuena eta konplexuena.

Ezkutukoak diren biolentzia moten barruan, normalizatuak dauden biolentziak aipatu izan dituzu.
Kirol praktikan normaltzat jotzen diren jarrerak dira, normalizatuta daudenak. Esaterako, irainak, umeak korrika gehiago egin dezan edo beste arrazoiren bategaitik. Baina jarrera horiek normalizatuta daudenez, gauza bi gertatzen dira. Batetik, umeak berak pentsatuko du biolentzia hori kirol praktikaren parte dela. Bestetik, iraintzen dabilen hori ez da ohartzen egiten dabilenaz, errealitatea modu horretara bakarrik ulertzen dutelako. Horregaitik, nik beti diot, inor gurutziltzatu aurretik, bestearen errealitatea ulertzeko ariketa egin behar dela. Begira, lehengo egun batean batek esan zidan: "Nik 32 urte daramatzat entrenatzen, eta badakit jendea zelan tratatu, ez dut inoren esplikaziorik behar". Entrenatzen urte asko eramateak ez du esan gura ondo dabilenik. Beraz, pertsona horrek kontzientze izan behar du zelan lan egiten duen eta zelan hobetu dezakeen egiten duena. Ni ere entrenatzailea izan naiz eta uste dut denok zeharkatu dugula inoiz marra gorria une konkreturen batean; gaiztakeriarik barik, inori errespetua galtzeko edo minik emateko nahirik barik, baina gauzak beste era batera esan zenitzakeen momenturen batean. Baina gakoa konturatzean dago, egindakoaz kontziente izatean. 

Lehiak, irabazteko grinak, gain hartzen dio gizatasunari batzuetan?
Lehia kirolaren parte da. Ondo eramanda, erreminta ona da pertsona nahiz kirolari legez hazteko. Baina batzuetan begirada lausotzen du. Jende bat eskola zaharreko entrenamendu motetan iltzatuta geratu da. Exijitzeko eta ume bakoitzaren onena ateratzen ahalegintzeko momentuak egon daitezke, baina denboraren %90 beste era batekoa izan behar litzateke: poztasunez eta lasaitasunez entrenatzea, gura dutena adierazteko espazioak eskaintzea… Exijentzia eta tratu ona guztiz bateragarriak dira. Pertsona bakoitza mundu bat da, eta bakoitzak bere nortasuna eta gauzak adierazteko moduak ditu. Baina hori horrela izanda, galdera batzuk egin behar dizkiogu geure buruari: kontziente gara gure izateko moduak izan ditzakeen inplikazioez? Badakigu exijentziaren eta mespretxuaren artean bereizten? Motibatzeko nahiaren eta irainaren artean?

Zelan landuko da kontzientziazioa?
Programak hiru elementu nagusi ditu. Lehenengoa herriko kirol ekosistemaren errealitatea aztertzea da: zenbat klub dauden, zenbat ume dabiltzan, kontrataturiko profesionalak… Horrek egoeraren argazki orokor bat emango digu. Horren ondoren, lan indibidualizatua dator: elkarrizketak eta lanketa partekatua herriko kirol erakundeekin. Hurrengo pausoa tailerrak antolatzea da, kolektiboki lan egiteko. Ezabatu nahiz sustatu behar diren elementuak eta jarrerak denen artean aztertuko dira. Azken egitekoa protokoloak lantzea da. Azkenean, hauxe lortu gura da: kirol praktika inguratzen duten agente guztiek behar denean eskua altxatzea eta isilik ez geratzea. Esaterako, umeen partiduetan. Eskua altxatu eta, esaterako, salatu dezala:  “Barkatu, guraso haiek partidu honetan erakusten dabiltzan jarrera ez da egokia”. Edo: “Aizu, giro sano batean lehiatzeko, elementu hauek behar dira, eta, ez badaude, ez dugu jokatuko”. Azken batean, umeak tarteko dauden kirol ekintzetan lanean dabiltzan profesionalek obligazio morala dute edozein jarrera biolento, susmo bat bada ere, salatzeko; baina ez morala bakarrik, legala ere bai, lege organikoak bere artikulu batean zehazten duen moduan. 

Protokoloak aipatu dituzu. Biolentzia kasu bat identifikatu ondoren aktikatu beharreko protokoloak zeintzuk ezaugarri izan behar ditu?
Protokoloen masifikazioa dagoen gizarte batean bizi gara eta, sarritan, osotasunagaz nahasten dira. Protokoloa ez da babeserako marko orokorra, ezta tratu oneko giro bat bilatzeko oinarrizko elementua ere. Marko orokor baten barruko erreminta bat gehiago da. Protokolo bat izateak ez du esan gura dena duzunik; are gehiago, protokoloak izateak bakarrik ez du inor babesten. Estatuan izan dira biolentzia kasuak, batzuetan larriak, eta entitate horiek bazuten protokoloa. Protokoloak ez du ezertarako ere balio kaxoi batean sartuta badago. Ildo horretatik, inportantea da protokoloa laburra eta zehatza izatea. Sinplifikatzeak ez du esan gura sinesgarritasuna galtzen denik, kontrakoa baino: efikazia irabaztea esan gura du.

Durangoko klubak zelan daude biolentzia prebenitzeko lanketari dagokionez?
Oraindino ez dut erradiografia orokorra, horretan nabil. Badakit, esaterako, Tabirako saskibaloi kluba sentsibilitate bereziagaz dabilena lanean. Seguru nago beste klub batzuek ere lanketa bat egingo zutena, bakoitzak bere neurrian. Beste batzuek, ostera, ez dute ezer izango. Nik mezu hau bidali gura dut: ez da ezer gertatzen ezer ez edukitzearren. Ezer egin gura ez izatea, hori bai bada lotsagarria, baina egiteko borondatea duenak ez du lotsarik izan behar. Eta esango nuke egitasmo honetako baliabideak egokiak direla bide horri ekiteko. 

Beste herri batzuetako egitasmoetan aritu zara. Balorazioa positiboa da?
Bai. Klubek eta pertsonek eskerrak eman dizkigute gaia modu eraikitzailean hurreratzeagaitik. Izan ere, batzuetan beldurra izaten dute. Gogoan dut klub baten zuten beldurra: umeen babeserako neurriak lantzen bazituzten, jendeak pentsatu zezakeen zeozer gertatu zela. Oraindino existitzen da mentalitate hori. Bigarren alde positiboa gai honi eman zaion ikusgarritasuna da. Azkenik, egitasmo hauei eskerrak, politika publikoren bat edo beste sortu dela da hirugarren elementu positiboa. Esaterako, diru laguntzak banatzeko oinarrietan, gai honi loturiko klausularen bat gehitu duten udalak daude. Astiro bada ere, aurrerapausoak ikusten ditut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!