Lankidetza hasi dute Durangon, umeen kirol jarduera indarkeriarik bako eremu izan dadin

Ekaitz Herrera 2024ko urt. 18a, 15:45

Durangoko Udalak, herriko kirol elkarteek eta kirol arloan umeen eskubideak babesteko aholkularitza zerbitzua eskaintzen duen Kunina zentroak, lankidetza hasi dute kirol arloan egon daitezkeen indarkeriazko jarrerei aurre egiteko. 

Gaur ipini dute ibilbideko lehenengo harria, baina hamar hilabeteren buruan, etorkizunean gerta litezkeen indarkeriazko jarrerak prebenitzeko, identifikatzeko eta saihesteko tresnak eduki gura dituzte definituta. Egitasmo berria da Durangon, herriko kirol elkarteen, kiroldegietako arduradunen eta udalaren lankidetzagaz garatuko dena. Horiek guztiek koordinatzaile bat izango dute zeregin horretan bidelagun: Iñaki Alonso, kirol arloan umeen eskubideak babesteko aholkularitza zerbitzua eskaintzen duen Kunina zentroko aditua. "Umeek kirola indarkeriarik bako eremuetan egiteko eskubidea dute. Azken finean, gaur egun kirol arloan nagusi den indarkeriazko kultura da aldatu behar duguna. Badira ikusgai, begien aurrean, dauden indarkeria motak. Baina badira ikusezinak diren edo ezkutatu egiten diren indarkeriak. Instituzioak, klubak, federazioak, taldeak, monitoreak, helduak, gurasoak... bakoitzak dagokion zatia bere egin behar du", azaldu du Alonsok goiz honetan egindako prentsaurrekoan.

Plan honen garapenak 10 hilabeteko iraupena izango du eta hainbat helburu betetzea du xede: prebentzioa, protokoloak sortu eta ezartzea, parte hartze komunitarioa sustatzea eta egindako ebaluatzeko sistemak ezartzea. "Funtsean, hiru dira egin beharreko lanak. Batetik, arriskuen analisi bat egin behar dugu. Badira arruntak ez diren baina normaltzat jotzen ditugun jarrerak. Eta jarrera batzuk normaltzat hartzen ditugun heinean, arrisku batzuk normalizatzen ditugu. Bete beharreko beste lan bat helduen formakuntza da. Helduei indarkeria horiek identifikatzeko eta kudeatzeko tresnarik ematen ez baldin bazaie, beti egongo direlako arriskuak. Azkenik, jokabide protokoloak  egiteko lana dago. Baina kontuan hartu behar da protokoloek ez dutela ezertarako balio, existentziara baino ez badira mugatzen. Ezagutarazi egin behar dira, jabetu, eta bat egin", azaldu du Alonsok.

Herriko elkarteen inplikazioa

Egitasmoagaz bat egin duten kirol elkarteetako batzuk honako hauek dira: Uztai gimnastika erritmiko taldea, Tabirako saskibaloi elkartea, Mugarra triatloi taldea, Bidezabal atletismo taldea eta Kulturala. Amaia Frontaurak, adibidez, indarkeriaren prebentziorako protokoloa kudeatzen du Tabirako saskibaloi taldearentzat. "Adinbakoei begirako protokolo bat barik, helduei begirako protokolo propioa egin dugu orain arte. Inportantea da protokoloak daudela gizarteratzea. Azken finean kirolarien kontrako abusu sexualak errotik mozteko egin behar dugu lan. Praktika onak, osasuna eta ongizatea sustatzea dagokigu", esan du Frontaurak. Jesica Ruiz alkateordeak "funtsezkotzat" jo du egitasmo berria, eta gaineratu du Durangoko Udalak "konpromiso irmoa" daulaka umeak babesteko programa honekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!