Durangoko Tabirako Saskibaloi Klubak dagoeneko martxan ipini du kirol esparruko biolentziaren kontrako protokoloa

Joseba Derteano 2024ko ots. 23a, 09:16

Durangoko hainbat klub batu da kirol azpiegituretan umeen biolentzia prebenitzeko udalak ekin dion kirol egitasmora. Batzuentzat lehenengo urratsa da, eta beste batzuek orain arte eginikoari bultzada berri bat emateko eta proiektua gehiago sendotzeko erabiliko dute. Azken multzo horretan dago, esaterako, Tabirako Saskibaloi Kluba. Urtarrilean, umeentzat espazio seguruak bermatzeko egitasmoa eta horri loturiko protokoloak ipini zituzten martxan.

Kirol esparruko abusuak eta jazarpenak prebenitzeko Tabirakon aktibatuta duten protokoloak arduradun bat du: Amaia Frontaura. Tabirakoko jokalaria izandakoa da eta alaba nagusiak ere hantxe jokatzen du gaur egun. Tabirakogaz duen loturagaitik, eta legedia kontuetan jantzita dagoenez —Durangoko udaltzainburua da—, klubeko ordezkariak beragaz hartu-emanean ipini ziren iazko irail-urrian, proiektuaren ardura berari eskaintzeko. Baiezkoa eman, eta lanean hasi ziren: legedia aztertzen, izapideak egiten, federazioekin hartu-emana izaten… Horrez gainera, inkesta bat banatu zuten entrenatzaileen, jokalarien eta jokalarien gurasoen artean, modu anonimoan erantzun zezaten. Inork biolentzia, jazarpen edo antzerako kasurik bizi zuen jakin gura zuten. "Inork ere ez zuen horrelako kasurik adierazi", gogoratu du Frontaurak. 

Protokoloa martxan da urtarriletik, eta hark zehazten du biolentzia kasuren baten aurrean zelan jokatu behar den, zeintzuk neurri hartu behar diren eta pertsona kaltetua zelan babestu behar den. Aktibatuta duten protokoloa ez da aldaezina. Atea zabalik dute protokoloa hobetu eta findu dezaketen ekarpenetarako. Ildo horretatik, Frontaurari "oso positiboa" iruditzen zaio udalak hasi duen eta aholkulari legez Iñaki Alonso duen egitasmoa. "Iñakik urte askotako esperientzia du. Guretzat, ostera, egitasmo berria da eta beti jo dezakegu berarengana. Bere ikuspegia aberasgarria eta ondo etorria izango da", azaldu du. Besteak beste, entrenatzaileak eta gainerako arduradunak gaian trebatzen jarraitzeko baliatu dezakete.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!