[EGITARAUA]: Martxoaren 8an Andragunea omenduko dute, bere 15. urteurrenagaz bat eginda

Ekaitz Herrera 2024ko ots. 21a, 13:44

Ekitaldian bideo bat aurkeztuko dute. Bertan, hamabost urte hauetan bidelagun izandako irakasleen, ikasleen eta militante feministen testigantzak jaso dituzte. 

Martxoaren 8an Andragunea omenduko dute, zerbitzua martxan ipini zeneko 15. urteurrenagaz bat eginda. Besteak beste, urte hauetan guztietan bidelagun izandako kideekin osaturiko bideoa proiektatuko dute. Ikasleekin, irakasleekin eta herriko militante feministen testigantzekin osaturiko bideoa. Txalapartari talde batek eta Batukandrak ere parte hartuko dute omenaldi ekitaldian. Ekitaldia 17:30ean izango da. Gero, mugimendu feministak antolatuko duen manifestazioagaz bat egingo dute. Mobilizazioa Andra Maritik abiatuko da 19:00etan. 

Jesica Ruiz alkateordeak, Berdintasun kontseiluko buru denak, Andragunearen hamabost urteko bidea laburtu du. 2009ko martxoaren 7an ekin zioten zerbitzua emateari: "Ondo gogoan ditugu Pinondo Etxean egindako lehenengo pauso haiek. Andragunea gela bitara mugatzen zen garai hartan", azaldu du. Andraguneak, baina, salto kualitatibo handia eman zuen 2017ko martxoaren 4an, mugimendu feministaren eskari historikoa beteta, egitasmoa Lariz dorrera lekualdatu baitzuten, izaera propioa emanda. "Pinondo Etxean abiatutako bidea bost ikastarorekin eta 65 emakumeren parte hartzearekin hasi zen. Gaur egungo 25 ikastaroetan 450 herritarrek parte hartzen dute, eta 4.000 kideren datuak ditugu datu basean", azaldu du Ruizek. "Egindako bideaz harro" daudela gaineratu du.

Paule Sanchez zinegotziak "espazio bital eta beharrezko" modura aurkeztu du Andragunea, eta eskerrak eman dizkie "Durango moreago" bat lortzeko lan egiten duten eragile eta emakume guztiei. Sanchezek azpimarratu du "tinko" jarraituko dutela "gizarteko alor guztietan, emakumeen eskubideen aldeko borrokan".

EGITARAUA - Martxoaren 8ko aldarrikapenak

  • Martxoak 1. Ana de Miguel “El espíritu del neoliberalismo y el mito de la libre elección”
    hitzaldia, 18:30ean, Plateruenea Kultur Aterpean Andereak elkarteak antolatuta.
  • Martxoak 2. Emakumeen pilota txapelketa, 19:00etan, Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan, Ados
    Pilota-k eta Durangoko Udaleko Kirol Sailak antolatuta.
  • Martxoak 8.
    • Adierazpen instituzionala, 11:00etan, Andragunean.
    • Andragunearen XV. urteurreneko festa eta bideoaren aurkezpena, Santa Anan,17:30ean.
    • Manifestazioa Durangoko kaleetan, 19:00etan, M8 asanbladak antolatuta.
  • Martxoak 9. Wikiemakumeok proiektu kolaboratiboaren dokumentala, 11:00etan, Andragunean.
  • Martxoak 10.
    • XVII. Lilakrosa 12:00etatik aurrera Ezkurdi plazan. (Kirol probarako kamisetak salgai daude Andragunean, 4 euroan. Irabaziak Sapuherri volleyball taldera bideratuko dituzte).
    • Defondo antzerki taldearen “Señora Einstein” antezlana, 19:00etan, en San Agustin Kultur Gunean.
  • Martxoak 16. Abesti Feninisten VI. Lehiaketako finalisten kontzertua, 19:00etan, Plateruenean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!