Emakume guztiak gonbidatu dituzte Andragunearen inauguraziora

Markel Onaindia 2017ko mar. 2a, 17:04

Andraguneak etapa berri bat hasiko du zapatuan, Lariztorren egingo den inaugurazioagaz. 2009an zabaldu zen, lehenengoz, emakumeen etxea Pinondon, baina mugimendu feministak etxe propioaren beharra ikusten zuen, erreferentzia indartzeko. Horrela, Andragunea Lariztorrera lekualdatzea erabaki zuten Udal Berdintasun Kontseiluan, eta maiatzean hasi ziren eraldaketagaz.

Turismo bulegoa Kurutzesantu museora eraman zuten, eta Durango Eraikitzen zerbitzuko bulegoa mugitu berri dute. Beraz, Lariztorre Andragunea da soilik jadanik. Zapatuko inaugurazioa 12:00etan hasiko da, eta udal arduradunek Durangoko emakume guztiei egin diete bertaratzeko gonbita.

Bediagaren kantak
Jai-giroko ekitaldia izango da inaugurazioa. “Mugimendu feministaren aspaldiko eskaera bete dela ospatu nahi dugu”, azaldu du Pilar Ríos alkateordeak gaurko prentsaurrekoan. Idoia Bediaga abeslari abadiñarrak kanta batzuk eskainiko ditu, eta Yolanda Arrieta idazleak gidatuko du ekitaldia. Ekitaldira bertaratzen direnek Andragunea ikusi eta ezagutzeko aukera edukiko dute, gainera.

Lilakrosa, domekan
Bestalde, gaur aurkeztutako egitarauaren osagai nagusietako bat Lilakrosa izango da. Berdintasunaren aldeko lasterketa familiarra domekan izango da; 11:30ean kamiseten banaketa egingo dute Ezkurdin, eta 12:00etan abiatuko da korrikalari taldea. Amaitzerakoan, koreografia bat egitea proposatuko dute. Batzen den dirua Kurdistanen bonbardatutako Kobane hirira bideratuko dute.

Dagoeneko Lilakrosaren XII. edizioa izango da, eta seguru jendetza batzen duela, aurreko urteetan bezala.

Emakumeen greba
Bestalde, Aitziber Irigoras alkateak iragarri du munduan emakumeen greba bat antolatzen ari dela martxoaren 8rako. Hilaren 8a jai eguna izatea eta erasoak amaitzea eskatuko du deialdi horrek, eta udalak elkartasuna erakutsiko dio. “Erasoak ez dira soilik biolentziazkoak; sexu jazarpena eta soldaten desberdintasuna ere badira erasoak”, esan zuen alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!