Ana de Miguel filosofo feministak berbaldia eskainiko du Plateruenean

Anboto 2024ko ots. 21a, 09:51

Andereak elkarteak antolatuta, De Miguelek 'Neoliberalismoaren espiritua eta aukera askearen mitoa' berbaldia eskainiko du. Martxoaren 1ean izango da, 18:30ean. 

Andereak elkarteak bertan behera utzi du otsaileko azken eguenean egitekoa zuen elkarretaratzea, arreta berbaldi bati eskaintzeko. Elkarteak Ana de Miguel filosofo feminista gonbidatu du berbaldi bat ematera. De Miguelek Neoliberalismoaren espiritua eta aukera askearen mitoa hitzaldia eskainiko du martxoaren 1ean, 18:30etan, Plateruenean.

Andereak elkartearen esanetan, "gaurkotasuna" duen gai bat da, "Bakarrik bai da bai legearen eztabaidan egon delako" eta elkartearen arabera "ez delako behar bezala argitu". "Neoliberalismoak, aurrera egin ahala, gorputzak merkantzia gisa aurkezten ditu. Ideia honen oinarria da dena erosi eta saldu daitekeela baimena izanez gero. Baina zer da baimena? Adostasuna egon daiteke beharrizanaren edo derrigortzearen ondorioz erabaki bat hartzen denean, prostituzioan gertatzen den bezala? Hautapen askearen mitoak ikuspegi horren azpian ezkutatzen den engainua erakusten du", azaldu dute elkartetik. De Miguelek eskainiko duen berbaldiak gai hori aletuko du hain zuzen ere.

Ekitaldia aurkezteko lanak Idoia Azkorbebeitia kazetariak egingo ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!