Saskibaloiko Lehen Nazional Maila pil-pilean dago gizonetan. Lau talde 13na garaipenekin berdinduta daude lehenengo postuan eta Tabirako-Baqué da euretako bat. Atzo ordura arte lidertzan bakarrik zegoen Valle de Egües taldea hartu zuten mendean Landako kiroldegian jokatutako neurketan: 90-69.
Durangarren lehenengo eta laugarren laurdenak bikainak izan ziren. Lehenengoan 28 puntu sartu eta 14an utzi zituzten aurkariak. Laugarrenean 23 sartu eta 9 besterik ez zituzten jaso. Aipatzekoa da hiruko marratik lortutako portzentaia: %53.
Jokalariei dagokienez, Markel Aranzabalek 21 puntu sartu zituen; Mohamed Ndong-ek 13 puntu; Jon Aldecoak 12 puntu; Xabier Arroitajauregik 11 puntu eta Lorentzo Uriartek 10 puntu. Azpimarratzekoa da Arroitajauregik 10 errebote ere eskuratu zituela.
Emakumeen taldeak, ezin irabazi
Emakumeen talde nagusiak, berriz, galdu egin zuen La Salleren kantxan: 71-63. Durangarrak aurretik heldu ziren atsedenaldira (35-38), baina bigarrenean ezin izan zioten aldeari eutsi. Miren Arin jokalariak 17 puntu sartu zituen. Bineta Sane-tek 9 puntu sartu eta 10 errebote jaso zituen.
Aitzindariei omenaldia
Emakumeak denboraldiko zazpigarren garaipena eskuratzen saiatuko dira datorren zapatuan Mondragon Unibertsitatea taldearen aurka. Neurketa 19:00etan hasiko da Landako Kiroldegian.
Partidu berezia izango da. Izan ere, aurten 50 urte betetzen dira emakumeen taldea sortu zenetik eta partiduko atsedenaldian urteurrena gogoratuko dute. 1973/74 urtetik gaur egunera arteko taldeetan egon diren jokalari asko batuko dira kantxan omenaldia jasotzeko.

Mohamed Ndong jokalariak 13 puntu sartu zituen (Luis Iturrioz)

Jon Aldekoak 12 puntu sartu zituen. (Luis Iturrioz)