“Sakibaloian aritzea lagun artean ondo pasatzeko modu bat zen. Ez genuen lehiakortasunez ikusten”

Joseba Derteano 2023ko ira. 22a, 09:00

Emakume aitzindariak izan ziren Durangon. Herrian saskibaloia indarra hartzen zebilen momentu batean, Tabirakoko emakumeen lehenengo taldean parte hartu zuten. Ikastetxeetako jokalariak hautatuta, talde berriak bideari ekin zion. Bost hamarkada igaro dira harrezkero. Joan zen asteburuan Euskal Ligako finala Durangon jokatu zela baliatuta, sorrerako taldeko emakume bik parte hartu zuten sari banaketan: Rosa Trinidad Coronadok (Durango, 1957) eta Maribi Echaburu Gandiagak (Durango, 1957).

Zelan pasatu zenuten joan zen asteburuan?
Rosa Trinidad: Urte asko pasatu direnez, ez dut jende asko ezagutzen, urte hauetan guztietan ez naizelako klubera lotuta egon. Baina ilusio handia egiten dit lehen zegoen eta oraindino ere klubean dagoen jendea ikustea. Niretzat oso egun polita izan zen eta 50. urteurrena ospatzea harro egoteko modukoa da, baita talde honetan parte hartu izana ere. Gure ilobak ere hantxe zeuden. Askotan esaten diet saskibaloian jokatzeko, kirol polita dela. Durangarrak izanda, zorte handia izan genuen kirol honetan aritu ahal izan genuelako. Beste herri batzuetan ez zegoen aukera hori. Juanjo Morenori eskerrak, taldea martxan ipini eta lehenengoak izan ginen Tabirakon. Gure aurretik, jendeak eskoletan jokatzen zuen. Eskola bakoitzean talde bat zegoen, eta gure sasoian Tabirakoren neska taldea sortzea erabaki zen, talde hauetako zenbait jokalari aukeratuta. Talde on bat sortu zen.
Maribi Echaburu: Nire hiru seme-alabek Tabirakon jokatu dute. Nik mantendu dut hartu-emana taldeagaz. Urte batean, jendea behar zuten zuzendaritzan, eta 2003tik 2007ra bitartean neuk ere parte hatu nuen. Oraindino ere bazkaria egiten dugu, urtean birritan. Eta taldeko Marilo Aresti, Esther Murua eta hirurok astero batzen gara.

Seme-alabek zaletasunari eutsi diote.
M.E.: Umeek normalean futbolean jokatu gura izaten dute eta nik saskibaloira bideratu nituen apur bat. Ni neu oso zalea naiz.
R.T.: Enaitz semeak ere urte batzuetan Tabirakon jokatu zuen. Nik ere kirol honegazko zaletasuna eta maitasuna transmititu nizkion. Joan zen asteburuko ekitaldira iloba etorri zen eta hari ere esaten diot nagusia denean saskibaloian jokatzeko.

Zelan sortu zen Tabirako?
M.E.: Nik Nevers ikastetxean ikasi nuen.
R.T.: Nik Santa Susanan. Santa Susana, San Frantzisko eta Nevers batuta, talde indartsua sortu zuten. Eta horrela sortu zen Tabirako. Sasoi hartan, 16 urte genituen.

Zergaitik saskibaloia?
M.E.: Sasoi hartan, aukera bakarra zen neskentzat. Nesken eta mutilen ikastetxeak zeuden orduan. Gure eskolan Lekeitioko moja bat zegoen, oraindino botoak egin barik zituena. Mariena deitzen da. Ez zen gu baino askoz zaharragoa izango. Abitua kendu, bata jantzi, eta saskibaloian jokatzen irakasten hasi zen, bera oso zalea zelako. Beragaz hartu-emana izaten jarraitzen dugu. 78 bat urte ditu orain. Txilera joan zen eta bueltan Gasteizen egon zen. Asko bidaiatu du, mundu guztian zehar. Orain Gasteizen dago, migratzaileei eta adikzioa dutenei laguntzen.

Saskibaloia hasieratik gustatu zitzaizuen?
R.T.: Bai. Guretzat saskibaloian aritzea lagun artean ondo pasatzeko modu bat zen. Ez genuen lehiakortasunez ikusten. Baina orain kirol hau askoz ere teknikoagoa da, asko garatu da. Gaur egungo emaitzek ez dute zerikusirik gureekin. Ez geneukan gaur egun daukaten abiadura, ezta teknika ere. Baina ezin hobeto pasatzen genuen.
M.E.: Partidurik gehienak Bilbon izaten ziren. Partidua jokatu baino 4-5 ordu lehenago geratzen ginen, eta trenean joaten ginen. Atxurira heldu eta jokatu behar zen lekura joaten ginen. Sasoi hartan, gurasoak ez ziren etortzen partiduetara.
R.T.: Gogoan dut partidutik bueltan Rafa Zabala entrenatzaileak tortilla pintxo bana jatera gonbidatzen gintuela, Atxuriko tren geltokiaren aurreko tabernan. Giro itzela genuen.
R.T.: Eragina izan zuen sasoi hartan mutilen taldeak ere bazeudela. Euren partiduak ikustera joaten ginen.
M.E.: Bai, domekero joaten ginen euren partiduak ikustera, merkatu plazara. Herri osoa joaten zen ikustera. Giroa egoten zen.

Zer esaten zizueten etxean?
M.E.: Asko gustatzen zitzaien. Nire ahizpa Elenak ere jokatu zuen, eta gu baino askoz hobeak ziren. Bederatzi urteko aldea dugu. Espainiako txapelketara joan zen.

Juanjo Morenok zein paper jokatu du Tabirakon?
R.T.: Bera izan zen ekimen honen sortzailea, eta bultzatzailea izan da. Berari eskerrak egon da halako zaletasuna Durangon.
M.E.: Oso gizon inplikatua izan zen. Nagusien taldeetatik hasita oinarrira arte. Jesuitetara joan eta zapatu-domeketan han egoten zen, kantxan, umeek zelan jokatzen zuten ikusten. Bere bizimodua zen. Mikel nire semeari aholkuak ematen zizkion, hobeto jokatzeko. Eta gero, Mikel Bartzelonara fisioterapia ikastera joan zenean, deitu egiten zion zelan zebilen galdetzeko eta han ere talderen batean saskibaloian jokatzen ote zebilen jakiteko.

Zenbat denbora egin zenuten Tabirakon?
R.T.: Pare bat urte.
M.E.: 18 urte egin genituenean utzi genuen. Gero, beste etapa bat hasi genuen.

Zein da utzi duzuen legatua?
M.E.: Harrotasunez ikusten dugu Tabirakon zenbat neska talde dagoen.
R.T.: Harrotasuna eta poztasuna sentitzen ditugu. Guk hasi genuen guri egokitu zitzaigulako, eta horrek jarraipena izan duela ikustea zoragarria da.
M.E.: Ama garen aldetik pentsatu dugu gure seme-alabentzat saskibaloia eta kirola ona izan zitezkeela gauza askotarako: lagunak egiteko, kirola egiteko, konpartitzeko, irabazten ikasteko, galtzen ikasteko... Kirolak hori guzti hori ematen du.


Tabirakoko nesken lehenengo taldea.


Tabirakoko nesken lehenengo taldea.

Erdian IDK Euskotren taldeko jokalariak, aldamenetan Tabirakoko hainbat belaunalditako emakumeak dituztela, Landako kiroldegian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!