Tabirakok egitarau zabala antolatu du, emakumeen taldeak 50 urte bete dituela ospatzeko

Anboto 2023ko abe. 14a, 12:14

Gaur udaletxean egindako harrerako familia argazkia.

Durangako Udalak saskibaloi klubari egindako harreran eman dute ekimenen berri.

50 urte joan dira Tabirako saskibaloi klubean emakumeen taldea sortu zutenetik. Data horri merezi duen garrantzia eman dio klubak eta egitarau zabala antolatu du ospatzeko. Ekimen batzuk joan dira eta beste asko urtea amaitu aurretik nahiz 2024an zehar egingo dira. Esaterako datorren asteko zapatuan —abenduak 23— emakume beteranoen arteko lagunartekoa jokatuko dute Landako Kiroldegian. 2024ra begirako ekimenen zerrenda luzegoa da: bazkari herrikoia, nesken taldeari buruz erakusketa, San Agustin kultur guneko ekitaldia…

Gaur aurkeztu dituzte ekimenak, Durangoko Udalak udaletxean egin dien harreran. "Zuzendaritzak, entrenatzaileek, eta, nola ez, Tabirakoko jokalariek, duela 50 urtekoek nahiz gaurkoek, egiten duten lan eskerga omentzeko eta eskertzeko garaia da. Pertsona horiei guztiei esker, gure lehen mailako jokalariez goza dezakegu gaur, eta hori benetako harrotasuna da Durangorentzat eta durangarrentzat", adierazi du Mireia Elkoroiribe alkateak.

Klubeko presidente diren Alicia Gomezek eta Hilario Perezek ere hartu dute hitza. "Bere garaian lehen talde osoak eta Rafa Zabala entrenatzaileak egindako lan handia eskertu nahi dugu. Lehenengoak izateak ez zuen batere erraza izan behar! Lehen talde horretatik abiatuta, saskibaloiaz gozatu ahal izan dute neska eta emakumeen 50 belaunaldik, Tabirakoren balioekin pertsona gisa haziz", esan dute. Gerora Tabirakon aritutako emakumeak ere batu dira udaletxean eta jokalari aitzindariei esker ona adierazi diete bidea zabaltzeagatik.

Lehen talde hartako hainbat jokalari batu ditu ekitaldiak: Bego Alsasua, Marivi Echaburu, Isabel Elguezabal, Ana Erdoiza, Marga Erleaga, Fatima Rodriguez eta Rosa Trinidad. Talde hartako jokalariak izan ziren Celia Imaz eta Ana Ibarrondo ere.

50. URTEURRENEKO EKIMENAK

  • 2023ko abenduak 23: Beteranoen lagunarteko partidua.
  • 2024ko martxoak 10: Lilakrosa.
  • 2024ko martxoak 14-24: Korrika.
  • 2024ko ekainak 1: Bazkari herrikoia Landako Gunean.
  • 2024ko ekainak 24: Tabirakoko emakumeen taldearen erakusketa Andragunean.
  • 2024ko ekainak 27-28: San Agustinen ekitaldia.
  • 2024ko ekainak 29: II. Juanjo Moreno Memoriala.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!