Mankomunitateak 9.218.000 euroko aurrekontua izango du datorren urtea kudeatzeko

Ekaitz Herrera 2023ko abe. 22a, 09:45

Gizarte zerbitzuetara bideratutako poltsa 30.400 euroan handitzea aurreikusi dute, lan arlo horretarako lanpostu berri bat sortuta. Kontuek EH Bilduren eta Garaiko Herriko Taldearen aldeko botoekin egin dute aurrera. EAJ abstenitu egin da.  Abadiñoko Independenteak ez dira bozketan izan.

Mankomunitateko osoko bilkurak datorren urteari begirako aurrekontuak onartu zituen atzo, EH Bilduren eta Garaiko Herriko Taldearen aldeko botoekin. Idoia Otaduy presidenteak defendatu zuenez, aurrekontuek "gizarte zerbitzuak lehenestea" izango dute helburu, "beharrizanik handiena dutenek zerbitzu duinak jasotzen dituztela bermatu, eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko". Presidenteak jakinarazi zuenez, gizarte zerbitzuetara bideratutako diru poltsa 30.400 euroan handituko da. Horri eskerrak, lanpostu bi egonkortu eta hirugarren bat sortuko dute. Era berean, hondakinak batzeko kamioi berri bi erostea aurreikusi, eta Abadiñon Eguneko Arreta Zentroa eskaintzen hasi gura dutela aurreratu dute, azken hau, "proba pilotu modura".

Bozketa iritsita, EAJ abstenitu egin zen. Erramun Osa ordezkari jeltzaleak adierazi zuen, 2024ko aurrekontuek "jarraikortasuna" ageri dutela orain arte indarrean egonikoen aldean. Horrenbestez, "aurreko gobernu taldeak hasiriko bidea oztopatzeak zentzurik ez" lukeela iritzi, eta alderdi jeltzalea abstenitu egingo zela argitu zuen: "Ez zaigu iruditzen gure posizioak elkarrengandik urruti daudenik, besteak beste, gizarte zerbitzuetan egindako ahalegina hor dagoelako", adierazi zuen Osak. Edonola ere, EAJk ez zituen kritikak ezkutatu. Faltan bota zuten Elkartegia erosteko inbertsio plana. Horrez gainera, hainbat emendakin aurkeztu zituzten. Proposamenek ez zuen behar bezalako babesa jaso eta aurrekontuetatik kanpo geratu ziren. 

Abadiñoko Independente Berriak taldeko Jose Luis Navarro ez zen atzoko osoko bilkuran egon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!