Mankomunitateko gobernu taldeak aurkezturiko aurrekontu proposamenaren ondoren, orain, EAJk bere emendakinak aurkeztu ditu. Talde jeltzaleak sei proposamen egin ditu "aurrekontuak hobetzeko" helburuz. Adinekoei begirako emendakin bi, eta enplegua sustatzera, adikzioak prebenitzera eta gizarte zerbitzuak hobetzera bideratutako proposamen bana aurkeztu ditu. Horrez gainera, Elkartegia erostea proposatu du, eraikina alokatzen ibili beharrean.
Adinekoen zerbitzuari dagokionez, EAJk bost udalerritan eskaintzen den eguneko arreta zerbitzua hobetu gura du, egitasmo horretara 60.000 euro gehiago bideratuta. Gura bako bakardadean dauden adinekoen arreta, 15.000 eurogaz handitu gura dute, eta adikzioen arloan, pornografia kontsumoa prebenitzeko proposamena aurkeztu dute, horretarako 18.000 euroko diru poltsa proposatuta. Gizarte zerbitzuei dagokienez, 20.000 euro bideratu gura dituzte larrialdi egoeratarako etxebizitzak kudeatzeko. Horretarako, Berrizko eta Durangoko udalekin hitzarmenak sinatzea proposatu dute. Azkenik eta bukatzeko, enpleguaren atalera 10.000 euro bideratu gura dituzte, horrekin etorri berrien enplegagarritasuna areagotzeko.
Elkartegia alokatu barik, erosi
Azalduriko emendakinez gainera, EAJk beste proposamen bat egin du. Aurreko legegintzaldian Elkartegia erosteko abiatu zen Inbertsio Plana gauzatzea eskatu diote gobernu taldeari. EAJk azaldu duenez, "Mankomunitateak aukera paregabea du azkenean behar duen egoitza izateko eta bere zerbitzu guztiak Durangaldeko herritar ororentzat guztiz irisgarria den leku batean kokatzeko". Erosketak egungo alokairua ezabatuko duela dio EAJk. Alokairua 37.967 eurokoa da.