Mankomunitateko gobernu taldeak datorren urteko aurrekontuak lantzeari ekin dio. Proiektua osatuta, oposizioko alderdien esku utzi dute testua. Idoia Otaduy presidenteak eta Ainara Otxotorena presidenteordeak "akordioetara heltzeko prestutasuna" agertu dute. Alde horretatik, gainerako indar politikoekin batzeko nahia agertu dute.
Aurrekontu proiektua "gizarte zerbitzuak indartzeko asmoz" egin dutela adierazi dute. Horren adibide modura ipini dute gizarte zerbitzuetara bideratutako partida ekonomikoa eta langile kopurua handitzea. Azken honi dagokionez, aurreratu dute Gizarte Larrialdietarako Laguntzak kudeatzeko profil berria sortu gura dutela. Idoia Otaduy presidenteak esan du "pertsonei zerbitzu hobe bat" ematea eta "gizarte zerbitzuak hobetzea" izango duela oinarri.
Gainerakoan, honako egitasmo hauek egitea gura dute: hondakinak batzeko kamioi berri bi erostea (690.000 euro), eta Abadiñoko trinketean, Durangoko atletismo pistan eta Iurretan hondakinak kudeatzeko dagoen plantan eraginkortasun energetikoa hobetzea (90.000 euro).
Aurreikuspenen arabera, abenduaren 21eko osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte aurrekontuak.