Wadokan klubak arte martzialen '12 harri' openari jarraipena emango dio zapatuan

Anboto 2023ko aza. 14a, 08:54

Iazko lehenengo aldiko irudia.

Iazko lehenengo aldiarekin gustura geratu ziren eta aurten errepikatzea erabaki dute. Ekimena Landako Kiroldegian izango da.

Durangoko Wadokan klubak arte martzialen '12 harri' opena antolatuko du zapatuan, egun osoan zehar, Landako kiroldegian. Estatuko dozena bat kluben 300 bat ariketa ikusteko aukera egongo da. Horrela iaz hasiko bideari jarraipena emango diote, izan zuen harreragaz gustura geratu ostean. Klubeko kideen helburua da opena erreferente bihurtzea estatuko iparraldean.

Open batek diziplina anitzeko borrokalariak ekimen berean batzeko aukera eskaintzen du: karatea, taekwondoa, ninjutsua… "Bere osotasunean, lehiaketa ikusgarria da. Horrelako lehiaketek beste edozeinek baino hobeto islatzen dute Wakokan klubaren filosofia; hau da, arte martzialak errespetuan oinarritutako garapen pertsonalerako erraminta lez erabiltzea", adierazi dute klubeko kideek ohar batean.

Zapatuan ikusgai egongo den erakustaldien artean Raul Gutierrez maisu handiak eskainiko duena dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!