Landako kiroldegia arte martzialen inguruko txapelketa berri baten lekuko izango da zapatuan, egun osoan zehar. Wadokan klubak antolatuta, open izaera izango du; hau da, askotariko diziplinak batuko dira tatami gainean, hala nola, karatea, taekwondoa, ninjutsua, kung fua…
"Horrelako txapelketak epaitzeko gatxagoak dira diziplina bakarrekoekin alderatuta, baina Wadokanetik sustatu gura ditugun balioak beste ezerk baino hobeto islatzen ditu", adierazi dute klubetik ohar batean. Wadonek izaera honetako txapelketa askotan parte hartu izan du emaitza honekin.
Estatuko dozena bat klub etortzea itxoroten dute eta 300 borrokaldi baino gehiago egongo dira ikusgai. Lehenengo aldiari jarraipena eman gura diote eta apurka opena erreferente bihurtu gura dute estatuko iparraldean. Parte hartuko duten klubak honako hauek dira: Bushido Gym (Torrelavega), Internacional Kakuto Bugei (Toledo), Kempo Barbanza kluba (Galizia), Karatekas.com (Barakaldo), Wadokan (Zornotza), Mugendo Euskadi (Deusto, Gasteiz, Indautxu eta Basauri) eta Durangon Ninjutsu Wadokan.
Ekimenari '12 Harri' izena jartzeari buruz honakoa azaldu dute: "Gerediagari egiten dio erreferentzia, komunitatearentzat garrantzitsuak diren gaiak eztabaidatzeko eta adosteko tokiari. Hain zuzen, elkarlanaren bidez ikasteko eta hobetzeko izpiritu hori da azpimarratu gura duguna '12 Harri' moduko txapelketekin".