Lehenengo aldia izango da. Aurten, lehenengoz, Gaba Baltza ospatuko dute Durangon. Halantxik erabaki dute herriko hainbat eragilek, Udalagaz elkarlanean. Antzinako jaia gaurkotasunera ekarri eta berrasmatzea gura dute. Eta euskara, komunitatea eta kontsumismotik aldendutako eredua izango dituzte horretarako ongarri. Herri askotan bezala, urriaren 31n antzinako ohiturekin eta beldur giroarekin jantziko dituzte herriko kaleak. 19:30etan, Tabirako elizatik hasita, arimen etorrera irudikatuko dute. Durangoko ikastetxeetako umeek eske-kantuak abestuko dituzte mozorroturik. Handik Alde Zaharrerako bidean, jendea izutuko dute gozokiak lortzearen truke. 20:30etan, ume zein helduentzako ikuskizuna egongo da Andra Mariko elizpean. Karrika antzerki taldea eta Kriskitin dantza taldea arduratuko dira ikuskizuna eskantzeaz.
Gaba Baltza elkarlanean sortzeko ideia honek Durangoko Udalaren Hezkuntza Foroan ikusi du argia. Antzinako jaia berreskuratzeko lan taldea osatu zuten hainbat elkartek eta hezkuntza zentrok. Kohesio soziala eta komunitatea euskaraz jostea gura dute. Egitasmoaren antolakuntzan honako partaide hauek egon dira: Durangoko Udala, Berbaro, Karrika antzerki taldea, Kriskitin dantza taldea, Gerediaga, Durangoko Arte eta Historia Museoa, Landako Eskola, Zabalarra Eskola, Kurutziaga Ikastola, San Antonio Ikastetxea, Jesuitak Ikastetxea, Nevers Ikastetxea, Fray Juan de Zumarraga Institutua, Ibaizabal Ikastola eta Maristak Ikastetxea.
Beste herrietan ere bai
Durangon bakarrik ez. Eskualdeko beste hainbat herritan ere ospatuko dute Gaba Baltza.
- Abadiñon, adibidez, musika ekitaldi ugari egingo dute.
- Elorrion, Txintxirri ikastolako kideek Arimen Gaua antolatu dute.
- Zornotzan beldurrezko pasabideak eta kontzertuak antolatu dituzte.
- Iurretan mozorroa janzteko hitzordua eta ibilbide berldurgarria lotu dituzte.