“Euskal Herrian betidanik ospatu da Arimen Gaua, Halloween bera baino lehenagotik”

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 1a, 13:00

Gozoki-eskea, mozorroak eta kalabazak. Domusantu bezperako gauaz, Halloween ospakizuna nagusitu da azken urteotan. AEBetatik inportatutako jaia dela eman dezake, baina Aritz Lili (Laudio, 1987) Lekandak argi dio ospakizunaren oinarria betidanik ospatu dela Euskal Herrian. Hori dela eta, Gaba Baltza betiko eran ospatzea aldarrikatu du, “Halloween jaiaren ezaugarri kontsumistak alboratuta”. Aditua barik aritua dela dio Lilik, eta orain urte batzuk gida pedagokiko bat kaleratu zuen gaia eskoletan lantzeko.

Argi diozunez, Halloween ailegatu baino lehenago Euskal Herrian ere baziren domusantu bueltako jaiak, Arimen Gaua, adibidez.
Bai. Euskal Herrian betidanik ospatu den jaia da. Egia esan, Halloween zinematik, AEBetatik, jaso dugun zerbait da eta euskaldunok hori ospatzeari uko egin diogu, "jai hori ez da gurea", esanez bezala. Baina herritar edadetuengana testigantza eske jotzen badugu, ikusiko dugu Euskal Herrian aspaldidanik egon direla horrelako ospakizunak, Halloween baino lehenagotik. Jaiak hartu-eman handia du naturagaz, eta ia herri guztietan ospatu izan da. Halloween bera ere jai zelta da, Eskozian sortu zen. Hortik AEBetara eraman zuten eta bere modura garatu da han. 

Non ikusi dituzue Euskal Herrian horrelako ohiturak egon diren ebidentziak?
Domusantu garai honetan, Euskal Herriko hainbat bazterretan zeuden elementu amankomunak. Adibidez, beldurraren bueltakoak. Herri batean baino gehiagotan aipatu dizkigute. Gauaren eta beldurraren zera hori, arimekin eta amesgaiztoekin lotuta dagoen mundu hori. Mozorroa bera ere beldurragaz lotuta dago. Egun horretan gu geu ez izate horregaz, aurpegia estaltze horregaz. Beste elementu bat kalabaza da. Testigantzetan jaso dugunez, umeek kalabazak osten zituzten ortuetatik. Hustu eta kandelak ipintzen zituzten, gerizpeekin beldurra eragiteko. Hau guztia naturaren zikloekin lotuta dago, data hauetatik aurrera natura lozorroan sartzen delako, nolabaiteko hiltze batean. Hortik dator jaiaren zentzua.

Zein lekutan topatu dituzue testigantzok?
Gure eskualdeari dagokionez, Orozkon eta Artziniegan. Baina Eibarren, Berrizen eta Mutrikun ere bai. Mutrikun oraindino ere ospatzen dute arimen jaia.

Arimen Gaua hemengo eran eta eredu kontsumistatik kanpora ospatzea aldarrikatzen duzu.
Oso mozorro prestatuak erostea eta gozokiak gaztelaniazko kantuekin eskatzea da Halloween jaitik jaso duguna. Guk baztertu egiten ditugu horiek. Lehen, ez zuten ezer erosten beldurra eragiteko. Etxeko arropa zaharrak hartuta mozorrotzen ziren, trapu zaharrekin egiten zuten gu geu ez izate hori. Gozokiak eskatzeagaz ere berdin. Lehen, etxerik etxe kantu-eskean joaten ziren eta denak ez du zertan gozokia izan. Sagarrak zein fruitu sikuak eskatu daitezke. Horixe da aldarrikatzen duguna, kontsumo eredu horretatik aldentzea.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!